Uxue Alberdi gailendu zen Gipuzkoako Txapelketaren Irungo finalaurrekoan
R.I. | IRUN
Uxue Alberdi izan zen irabazle Irungo Amaia antzokian jokatu zuten saioan. Jon Martin, Unai Muñoa, Aitzol Barandiaran, Iñigo Izagirre eta Josu Oiartzabal izan zituen lehiakide.
Aretoa jendez lepo eta giroa bero, 8ko nagusian Martinek eta Muñoak hasi zuten lanaldia; oso ondo, gainera. Biek zuzen eutsi zioten paperari, bertsoak egoki josiz.
8ko txikian Barandiaranek eta Izagirrek luzitu zuten gehien ariketa. Batez ere, Iñigoren freskurak eman zion argia lanaldiari. Orokorrean handian baino baxuxeago ibili ziren txikian. Puntu erantzunean Martinek eta Muñoak gain hartu zieten besteei.
Bakarkako lanean, Martinek «glamourra» hitza emanda ondo asmatu zuen. Muñoak ere «ordularia» hitzari, berriz, bertso ederra marraztu zion. Alberdiri «sabela» hitza eman zioten segidan eta amari eskaini zion bertsoa.
10eko txikian, Oiartzabal eta Alberdiren lanaldia izan zen aipagarriena: biloba-aitontzat jarri zituzten.
Kartzelako gaiarekin guztiek egin zuten lan oso ona.
Azkenean, Uxue Alberdirentzat izan zen finalaurrekoetarako txartela. Martin bigarrenak eta Muñoa hirugarrenak ere probabilitate handiak dituzte. Hortik atzerakoak, Iñigo Izagirre eta konpainia ere ez dira urruti ibiliko.
Irazuk, beste txartela
Larunbatean Jexux Mari Irazuk lortu zuen finalaurrekoetarako zuzeneko txartela, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Xabier Sukiak pasatzeko aukerak izango dituela erakutsi zuen.
Maila oneko lanaldiak entzun ziren 8ko handian eta 8ko txikian lan ederra egin zuten denek ere. Bakarkako lanean, puntuari erantzuten egoki aritu dira guztiak, baina 10eko txikian, ez zuten gehiegi asmatu seiek ere. Kartzelakoan, azkenik, bertso politak entzun ziren.