800.000 pezeta haietatik legalizaziorainoko bidea
Erentzun Ikastolaren hastapenak ez ziren batere xamurrak izan. Oztopoz beteriko zonalde batean, oso zaila izan zen ikastola aurrera ateratzea. Urteek aurrera egin ahala, gutxina- ka-gutxinaka egoera hobetuz joan da, eta 1978an 13 ikaslerekin hasi zen ikastolak egun 133 ikasle biltzen ditu.
Merezitako omenaldia jaso zuten atzo Erentzun Ikastola sortu zuten euskaltzale tematiek. Pentsatzekoa den bezala, euskarak garrantzi gehiegi ez zuen lurralde batean, zaila eta gogorra suertatu zen ikastola bat sortzea eta aurrera eramatea. 1978an, haien poltsikotik musutruk jarri zituzten 800.000 pezetekin etxabea erosi zuten, eta han eman zituzten klaseak 1995an eraikin berria egin zen arte. Urte zailak izan ziren, baina hamaika traba eta oztopori aurre egin ondoren, gutxinaka-gutxinaka matrikulazioak gora egin zuen, eta gaur egun zonaldean euskararen irakaskuntzaren erreferente bihurtua da ikastola.
Ekitaldia, zazpigarren eremuan zegoen Vianako frontoian egin zuten, eta ``Vaya Semanita'' ETBko programako aurkezle Andoni Aguirregomezkortak gidatu zuen. 12.00ak aldera, ikastolako sortzaileak agertokira atera ziren eta oroigarri bana jaso zuten. Horretaz gain, Erentzun Ikastolako presidente ohiak ere agertokira igo ziren omenaldia jasotzeko. Hala ere, atzo gizon-emakume horiek oroigarri eta omenaldi xarmangarriagoa jaso zuten, jendearen txaloak eta xa- murtasuna, alegia.
Agertokian, Xabier Antoñanak eskerrak eman nahi izan zituen eta ikastolaren hastapen gogor horiek nolakoak izan ziren kontatu zuen. Idazleak gogoratu zuen Ikastolako logotipoa sortzeko, Bargotako belagilean eta Erentzungo eskortetan inspiratu egin zela, eta gurasoei haien semeak emazteak eta berak sortu zuten ikastolara eraman izana bihotzetik eskertu zien. Idazleak nabarmendu nahi izan zuen, ikastolaren hastapenetan traba eta oztopo asko jarri zizkieten arren, azkenean, gaur egun berak amestutakoa egi bihurtu dela.
Omenaldia amaitu ondoren, han bildutakoek hamaiketako ederra dastatzeko parada izan zuten. Bertan, ikastolaren beste sortzaileetako batek, Valentin Itxasok, garai horietan Viana aldean euskararen alde lan egin zuten pertsonek jaso zuten tratu txarra nabarmendu zuen. «Orain gune honetan jendea euskararen sustapenean kontzientziatzen ari da, baina duela 30 urte hemengo biztanleek ez zuten ongi ikusten hemen ikastolarik egotea. Bizilagun askok euskara irakastea gauza txarra zela uste zuten, eta horregatik askotan herritarren mesprezua jaso izan genuen. Dudarik gabe, zailena lehengo pausoak ematea izan zen», oroitarazi zuen euskaltzaleak.
Esfortzu ekonomikoa
Bizilagunen mesprezuez, eta arazoetaz gain, euskararen alde lan egin zuten gizon-emakume horiek esfrotzu ekonomiko izugarria egin behar izan zuten Erentzun ikastola aurrera ateratzeko. «1978an hemengo euskaltzaleok taldetxo bat egin genuen, eta 800.000 pezeta jarri genituen etxabe bat erosteko. Eskola hartan 13 ume bakarrik elkartzen ziren, baina urteek aurrera egin ahala, gero eta ikasle gehiago matrikulatu ziren, eta orain ikastola bikaina bihurtu da». Hain bikaina dagoeneko txiki gelditu dela.
Esan bezala, ikastolaren sortzaileez gain, Erentzun Ikastolako presidente izandakoek ere oso omenaldi berezia izan zuten. Santi Cariñanos, ikastolako presidente izan zen 1996-2001 urteen bitartean. Cariñanosek, 1992ko Nafarroa Oinez-ek ikastolari eman zion bultzadaren garrantzia nabarmendu zuen. «Vianan lehenengo `Oinez'-a egin ondoren, nolabait Erentzun Ikastola aitortzeko era bat izan zen, eta jendeak hemen euskaraz irakastea normaltasunez ikusteko balio izan zuen. Ekitaldi hartan, euskaltzaleak sentitzen ez ziren bizilagun askok Nafarroa Oinez-a aurrera ateratzen lagundu zuten, eta hori oso garrantzitsua izan zen. Azken batean, jai hau benetan berezia egiten duena, ideologia eta tirabira pertsonalen gainetik egotea da».
Duela hilabete batzuetatik, gainera, Erentzun legala da, Nafarroako Gobernuak hala onartu duelako Nafarroako eremu ez-euskaldunean dauden ikastolen legeztapenari dagokionez, presidente ohiak adierazi zuen ez duela «eragin ekonomiko handia» edukiko, orain arte Nafarroako Gobernutik jasotzen zuten diru kopuru bera jasotzen jarraituko dutelako. Dena den, ikastola horiek «hezkuntza munduan» sartzea ona dela argi utzi nahi izan zuen. «Orain ikasleek eskolaratze agiriak izango dituzte, eta Erentzun Ikastolan eskolako tituluak eskegi ahal izango ditugu era ofizialean», amaitu zuen.