GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14a

Biarritzek eta Avironek urte hobea izateko ametsa dute

Zuri-gorrien helburua, Europako Kopa eta Liga irabaztea izango da, edo gutxienez, bietako bat; Avironena, berriz, mailari eustea, estualdirik gabe

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Dena prest dago, amaitu da Munduko Txapelketa, Europako Ligarik onenak aurki abiatzekoak dira, eta horiekin hasiko da Top 14a. Bertan izango dira iazko bi euskal taldeak ere: Biarritz eta Aviron.

Aurreko urteari begira jarrita, ezin esan lan ona egin zutenik, ez behintzat Biarritzek. Avironek mailari eusteko helburua lortu baldin bazuen ere, egindako hanka-sartzeak zuzendu behar dituzte, zaila baita urtero iaz izandako zortea izatea.

Biarritz Liga eta Europako Kopa lortzeko asmoz abiatuko da, edo gutxienez, bietako bat etxeratzeko asmoarekin; gutxien-gutxiengoan, biak irabazteko aukerak azkeneko unea arte izateko asmoarekin.

Iaz ere gauza bera zuten buruan, baina azkenik ez zuten ezer lortu. Ligan, finalerdietara heldu zen, baina ordu arte egindako jokoaren maila kaskarrak zalantza asko sortarazi zituen, eta finalerdietan kanpoan geratu ziren.

Europako Kopan, berriz, ezuste latza hartu zuten. final-laurdenetan, etxean, Northamptonek menderatu zuen, eta hori kolpe gogorra izan zen.

Emaitza txar hauei, egindako joko kaskarra gehitu behar zaie. Maila ahula eman zuten partida asko eta askotan, eta horrek zalantza asko sortu zuen zaleengan. Taldeko izarrak, esaterako, Yachvilik, alegia, oso denboraldi txarra egin zuen. Frantziako selekzioan ere ezinbestekoa zen, baina egindako denboraldi eskasa dela-eta, Munduko Txapelketatik kanpo geratu zen.

Aurtengo urteari begira jarrita, ez da aldaketa askorik egon. Gutxik egin dute alde, eta gutxi batzuk heldu dira, horien artean nabarmentzekoak, Wohafolau, Huges, edo Hall izan daitezke. Denboraldiaurrea prestatzeko izan duen arazorik handiena jokalari dezenteren falta izan da, beren selekzioekin izan baitira Mundiala jokatzen, eta egun gutxi batzuk besterik ez baitituzte izan taldearekin entrenatzeko. Liga, berriz, larunbatean Albi hartuta hasiko du.

Ilusioa

Ilusioa, horixe da Baionan bizi dena. Iazko taldeko jokalaririk onenek bertan jarraitzen dute, eta, iaz ez bezala, aurten, ez dituzte asko ekarri, baina ekarri dituztenen artean, Daniel Larretxea itzuli da. Zuraidekoak bi urte eman ditu Sale taldean jokatzen, eta berriro ere Lapurdiko hiriburura itzuli da. Denboraldiaurrean oso partida onak egin ditu, eta emaitzak ere oso onak izan dira; horrek itxaropenerako ateak zabaldu ditu. Gainera, selekzioetan jokalaririk ez zutenez, taldeak behar bezala egin ahal izan du lan, eta hori ere ona da.

Zuri-urdinek iazkotik ederki ikasi dutela diote. Iaz, oso Liga hasiera txarra egin zuten, zortzi jardunaldi pasa ziren lehen garaipena heltzerako, eta horrek bidea asko okertu eta zaildu zien. Maila galtzeko hautagai sendoa bihurtu ziren, beraz, oso zaila zirudien aurten zuri-urdinak onenen artean ikusteak, baina bigarren itzuli ona egin zutenez mailari eutsi ahal izan zioten.

Hala ere, Baionan garbi dute aurten hori ezin dela errepikatu. Hasiera ezin da iazkoa bezain txarra izan, oso zaila baita urtero mailari doi-doi eustea. «Honelakoak behin gertatzen dira. Iaz bezala gaizki hasiz gero, normalena maila galtzea da. Mirariak behin gertatzen dira, eta zortearekin ezin da jolasean ibili», dio Daniel Larrretxeak.

Taldearen helburu nagusia mailari eustea da, baina ikusita taldearen egoera zein den, sailkapenaren erdialdean, estutasunik gabe, ibiltzearekin beteko luke lapurtarrak bere ametsa. Posible izango delakoan daude gainera.

Zuri-urdinek Ligari hasiera kanpoan emango diote, Briven, larunbatean, 17.30ean hasita. Hasiera ez da samurra, baina Liga bera ere oso zaila da, eta hasieratik bertatik nahi dute garaipen eder bat lortu.

Aurten, gainera, iaz ez bezala, Sei Nazioen Txapelketek ez dute Ligarik etengo, eta hori Aviron Baionakoaren mesederako izan daiteke.

Mundiala

Mundiala jokatzeak talde handiei ez die mesederik egin, jokalariak beren selekzioekin izan direlako; Biarritzi ere horixe gertatu zaio, jokalari askok taldearekin entrenatzeko aukera gutxi izan baitute

Itxaropena

Aviron Baionakoak oso denboraldiaurre ona egin du. Jokalari guztiekin egin izan du lan, eta talde handiei ere irabazi egin dizkie partidak. Horrek itxaropen handiak piztu ditu Lapurdiko hiriburuan

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo