GARA > Idatzia > Mendia

alpinismoa Alpeak

Jorasses Handietatik Angle pilarera

Jorasses Handiak: sokada frantziar batek «No Siesta» bidea ia era librean igo du; eta bi alpinista espainiarrek 20 ordutan biribildu dute «MacIntyre-Colton»-en joan-etorria. Angle Pilarean, berriz, Josune Bereziartuk eta Rikar Otegik «Cecchinel-Nomine» sinatu dute.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Abuztuaren amaiera nahiko kaskarra izan zen, betiere eguraldiari dagokienez, baina iraila beste aurpegi atseginago batekin azaldu zen. Jorasses Handien ipar aurpegian, adibidez, oso kondizio aproposekin egin dute topo. Batzuek ez dute abagunerik galdu nahi izan eta, gogor jardun ondoren, emaitza bikainak erdietsi dituzte. Batez ere bi eskalada aipatu nahi genituzke; biak ala biak, gainera, ia abiapuntu berdina dutenak: No Siesta eta MacIntyre-Colton bideak.

Lehenbizikoarekin hasiko gara, No Siesta bidearekin. Jorasses Handien ipar isurialdean dauden marra guztietatik, zailtasunari begiratzen badiogu, benetako izarra dugu; hori dela eta, oso igoera gutxi izan ditu. Jan Porvaznik eta Stanislav Glejdura txekiarrek zabaldu zuten 1986ko uztailaren 21etik 23ra. 1.000 metroko lanari honako zailtasuna jarri zioten: VI, 6a, A2, 90º. Artelantzat hartu zuten alpinista gogorrenetarikoek eta, hurrengo urteetan, txekiarren bideak bisita oso garrantzitsuak izan zituen. Horietako batean, 2.000ko ekainaren 27tik 30era, Patrice Glairon-Rappaz frantziarrak No Siesta-ren bakarkako lehenengo igoera sinatu zuen. Baina benetako lurrikara eragin zuena Robert Jasper eta Markus Stofer alemanek egin zutena dugu. 2003. urtea zen. Bidearen neguko lehenengo igoera (martxoaren 17-19) egiteaz gainera, Jasperrek adierazi zuen era askean ere egin zuela. No Siesta bideak aurrerantzean izango zuen graduazio berria benetan harrigarria zen: M8, 6+, E5. Porvaznik eta Glejdurak sortutako izarra, oro har, hiru eguneko eskaladan egiten da; hala ere, badira denbora gutxiagoan egin dutenak. Alexander Ruskhin errusiarrak (eta haren kide batek), duela zortzi urte, egun eta erdian poltsikoratu zuten zailtasun handiko bide hau.

Bada, pasa den irailean No Siesta-n izan da mugimendurik. Sthepane Benoist eta Sebastien Ratel frantziarrek, adibidez, hiru eguneko jarduna behar izan zuten bidea gainditzeko. 22, 23 eta 24an izan zen, eta Benoist era askean eskalatzeko zorian izan zen: «Soilik bost metro falta izan zaizkit bide osoa era librean egiteko. Soilik pauso bat izan da hori eragotzi duena; gainera, oso luze motz batean izan da». Bidearen bederatzigarren igoera izan da. Ez da irail honetako frantziarraren jardun bakarra mendiaren ipar isurialde historikoan. Glairon-Rappazekin batera poloniar bidea soilik hamar ordutan sinatu zuen.

Baina itzul gaitezen No Siesta-ra, besteak beste, irailaren hasieran beste hirukote frantziar batek izan zuen esperientzia ezagutu ahal izateko. 7tik 9ra, Patrick Pessi, Basile Ferran eta Damien Tomasik bidearen zortzigarren igoera lortu zuten. Hauek bizitakoa ekarri dugu lerro hauetara; horrela bada, No Siesta pixka bat gehiago ezagutuko dugu. Glairon-Rappazek, bidearen bakarkako lehenengo igoera egin zuenak, hirukoteari honako aurkezpen gozoa egin zion: «No Siesta ikusi eta krepe modukoa da. Bi arrautzekin, gaztarekin, urdaiazpikoarekin... Osoa da! Mistoa, izotza, artifiziala... Jateko gogoa asetzeko modukoa!»

Itxaron eta itxaron ondoren, antizikloia iritsi zen. Denbora galdu gabe, sokada martxan jarri zen. Irailaren 7a zen, 4:30ean ekin zioten bideari. Oso erritmo egokian igo zituzten lehenbiziko 350 metroak. Elurrezko aldatsak ziren, batere zailtasunik gabekoak. Tarte hori gainditu bezain laster, lehenengo luze teknikoak zituzten aurrean. Bigarrena da gogorrena, M5+ gradukoa. Luze horietan buru-belarri zirela, ondotik, Bonatti-Vaucher bidetik, Jon Bracey eta Neil Brodie britainiarrak pasatu ziren. 64ko bidea da, 1.100 metrokoa eta ED3/4, VI, A2+ graduaziokoa. Bada, 43 urte eta gero, eta bibak batekin, lortu zuten Braceyk eta Brodiek bidearen lehenengo igoera britainiarra.

Frantziarrek lehenbiziko luze gogor horiei, No Siesta-koei, Ben Nevisen (Eskozia) egiten den eskaladaren antz handia hartu zieten. Eguerdia zen eta, ia atsedenik gabe, lehenengo eguneko luze gakoaren sarrerara iritsi ziren: «Bidearen luze zailena ere izan daiteke: M5, A2, 90º. Basileri pioleta (mailua duena) erori zitzaion. Hain justu gure kide Yannick Grazianniri eta Benoisti bidearen hirugarren igoera (2003an) egiten ari zirela luze berean beste hainbeste gertatu zitzaien. Kasu horretan, 20 metroko erorikoa izan ondoren, Benoistek pioleta galdu egin zuen».

Lan gogorrarekin lehenengo bibaka iritsi zen, frantziarrek Jorasses Handietan egin zuten lehenengoa. Biharamunean, hasteko, 60 metroko izotz oneko luze tentea (85º-90º). Ondoren, zalantzak iritsi ziren. Pareta ezkerretik ala eskuinetik jarraitu? Zeramaten krokisa ez omen zen oso ona. Zalantzak uxatzeko, haien kide Glairon-Rappazi dei egin zioten, eta baita honek labirintotik nola atera argitu ere. Eguerdia zen, eta zazpi luze egin zituzten: 5+/A1 asko eta librean oso gutxi. Bigarren bibaka 18:30ean antolatu zuten. Azken eguna eta azken 10 luzeak. Misto asko (M5/+, 6a) eta amaieran kalitate handiko goulottera heldu ziren: «Beste hiru luze tente, hanketako muskuluetako bikiak gogortzen dituzten horietakoak. 5. graduko azken diedro bat eta, 18:30ean, gailurrean. Une berezia izan zen oso, hiru egunez itzalean egon ondoren eguzkiaren lehenengo izpiak jaso baikenituen».

Bidearen azken igoera, hamargarrena, Romain Wagner eta Pierre Labbre frantziarrek erdietsi dute lau eguneko jardunaren ostean; hil honen 11tik 14ra.

«MacIntyre-Colton» ziztu bizian

No Siesta-ren alboan jarraituko dugu. MacIntyre-Colton bidean (1.200 m, VI, 6, M6) Manu Cordova eta Jonathan Trango gazte espainiarrek klasika gogor horren igoera eta jaitsiera azkarra egin dute: joan-etorria 20 ordutan. Badirudi Estatu espainoleko sokada batek egin duen azkarrena izan dela. Hala ere, gazte hauek beste eite bati eman diote garrantzia: «Bai, ziur aski, azkarrenak izan gara Jorasses Handien ipar isurialdean, baina benetako garrantzia estiloari ematen diogu: azkar eta arin igo genuen».

Aurreko protagonistek bezala, bizpahiru eguneko jarduera egin nahi zuten Jorasses Handietan, baina eguraldi iragarpenak ikusi eta igoera azkar baten aldeko apustua egin zuten. Mer de Glacera 16:00etan iritsi ziren; hil honen 11 zen. Lau orduko ibilaldiaren ostean, bidearen sarrerara iritsi ziren. Han, udako lo-zaku bakar batekin bibaka egin zuten: «Bagenekien gaua ez zela batere erosoa izango, baina nahiago genuen eguna eskalatzen hastea. Oso gau gogorra izan zen, hotz handia pasatu genuen eta apenas egin genuen lorik».

Biharamunean, 2.30ean jarri ziren martxan. Di-da batean «jan» zuten 500 metroko elur aldatsa; tarte hori ensamble-n igo zuten. «Lehenbiziko goulottea ere ondo gainditu genuen. Bigarren elurtegi txiki bat ere bizi-bizi pasatu eta luze tekniko gogor bati egin genion aurre. 30 metroko luzea zen, elurrezkoa, eta une batzuetan pioletak ez zuen bere lana egiten. Beste goulotte bat eta bigarren elurtegi handian jarri ginen. Azkar igotzen segitu genuen, besteak beste, eskalada nahiko erraza zelako. Ondoren, zailtasun handienak iristsi ziren. M5+ graduko bi luze eder eta aseguratzeko batere errazak ez zirenak. Zeharkaldia egin genuen eta Walker espoloian sartu ginen. Aurretik azken hiru luzeak, gozatzeko oso egokiak, eta 15:30ean tontorra jo genuen», adierazi dute sokadako bi kideek.

Edan eta jan ondoren, bapo gainera, jaitsieran murgildu ziren. Bazekiten ez zela batere erraza, eta kontu handiz ibili beharko zutela. Mendi gidari baten eta haren bezeroaren urratsak jarraitu eta 21.00etan Boccalatteko aterpera iritsi ziren. Han amaitu zen Cordova eta Trangoren jardun bikaina: MacIntyre-Colton bidearen joan-etorria 20 ordutan biribildu zuten.

zein bide JARRAITU?

Pareta ezkerretik ala eskuinetik jarraitu? Zeramaten krokisa ez zen oso ona. Zalantzak uxatzeko, haien kide Glairon-Rappazi dei egin zioten, eta baita honek labirintotik nola atera argitu ere.

Angle Pilarea: 24 orduko jarduna

Jorasses Handien ipar horma bezala, Angle Pilarearenak ere gordetzen ditu goi mailako eta kalitate bikaineko bideak. Alpeetako beste inguru enblematikoa da eta, ezustean harrapatu bagaituzte ere, hango bide batean, Cecchinel-Nomine-n, izan dira Josune Bereziartu eta Rikar Otegi. Bai, ezustean, besteak beste bide honen ezaugarriak izotza eta elurrarekin lotuta daudelako, eta ez arrokarekin.

Bada, sokada gipuzkoarra alderdi basati eta zorrotz hartan jardun da. Haiekin batera bi lagun: arestian aipatu dugu Cordova aragoiarra eta Edu Gonzalez asturiarra. Bikote euskal herritarrak izaera horretako bideetan duen eskarmentua txikia dela eta, Cordovari utzi zioten hautaketa. Eta hark Cecchinel-Nomine bidea (900m, V, 5, 5+/A1) aukeratu zuen, baina Boivin-Vallençant aldaerarekin (V, 5). Aldez aurretik jakin bazekiten eguraldi egonkorra izango zutela eta, horrez gainera, aurtengo denboraldian bide horrek soilik igoera bat zuela.

La Fourche bibakean ez zuten lo egiteko aukera handirik izan; izan ere, gainezka zegoen. Irailaren 17an sartu berritan (00:30ean), laukotea martxan jarri zen. Hiru orduko hurbilketa deserosoa eta arriskutsua egin ondoren, bidearen sarreran ziren. Azkar jardun behar ziren, aukeratutako marra Peuterey ertzean amaitu eta handik Mont Blanceko gailurrera iristeko beste 600 metroko desnibela gainditu behar delako.

Bidearen lehenbiziko zatia ensamble-n igo zuten; 120 metrora sokaburua aldatzen joaten zen. Egunsentiaren atarian Cecchinel-Nomine bidearen zatirik zailenera iritsi ziren. A1 eta 90º zetorren idatzita krokisean, baina den-dena izotzez eta elurrez estalita zegoenez, ez zuten arrokarik ukitu ere egin. Otegik adierazi digunez, nahiko aise gainditu zuten tarte hori: «Nahiz eta kopetako-argiekin eskalatu, ondo igaro genuen luze hori. Ondoren, goulotte tente eta eder bat igo, beste luze batuk ensamble-n egin eta eskuinean dagoen Boivin-Vallençant aldaeran sartu ginen. Aldaeraren amaierako goulotteak askoz ere zuzenagoak eta logikoagoak dira. Pixkaka-pixkaka gora joan ginen. Mistoko zeharkaldi bat aurrena, gero izotz beltzeko tarte gogor bat, 200 metroko amaierako elurtegia eta bidea amaitu genuen. Bidea bai, baina jarduera ez. Izan ere, Mont Blanceko gailurrera igotzea eta jaitsiera genituen artean aurretik».

Bidea 12 ordutan egin zuten. Peuterey ertza nahiko arriskutsua omen zegoen eta, 22.00ak zirela, iritsi ziren Alpeetako tontor garaienera. Jaitsieran Vallot bibakean geratu ziren, Cecchinel-Nomine bidean sartu eta 24 ordura. Leher eginda, baina pozarren bide zein jarduera zail bat amaitu zutelako. Andoni ARABAOLAZA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo