Javier Retegui Ayastuy Eusko Ikaskuntzako lehendakaria
Jakiunde: bikaintasuna gizartearen zerbitzura
Gure ustetan, Akademiak euskal gizarte kolektiboen arteko kooperazioa sendotzen lagundu beharko du, liskar eta interes pribatiboen gainetik
Giza komunitate ororentzat erabateko garrantzia du gogoeta, ezagupen eta sentsibilitate gaitasun handieneko kideak etorkizun kolektiboan modu eraginkorrean inplikatzeak. Egia esan, nork bere sailean eta espezialitatean eguneroko lana burutzea da bakoitzak gizarteari, oro har, egin diezaiokeen ekarpen nagusia, baina ez da egia txikiagoa «Batera Pentsatzeko Artea» deiturikoa gauzatzeak aberastasun erantsia duela.
Gure aldi honetan, analisi zehatz eta zorroztasun eta funts handiko hausnarketak eskatzen dituzten arazo gero konplexuago eta elkarreragin handiagokoei aurre egin behar diegun egunetan, inoiz baino beharrezkoagoa dugu ikerketa eta sorreraren alorretan bikaintasun egiaztatuaren jabe diren pertsonen arteko lankidetza mekanismoak antolatzea, era kolegiatuan, maila goreneko orientabideak eta aurreikuspenak sor ditzaten.
Kultura aldetik euskaldunak diren lurraldeetan bada jadanik analisi eta kontsulta funtzioa duten batzorde eta erakunde sare bat, beren jarduera alorretan balio ezin dudatuzko eginkizuna burutzen dutenak, besteak beste, ni buru naizen Eusko Ikaskuntza bera. Eta badugu gizabanako ospetsuz osaturiko talde gero eta ugariagoa, zeinek, hainbat bidetatik, erakundeetatik, are nazioartekoan ere, bikaintzat ezagutzea lortu duten zientzia, kultura eta arteen alorretan. Nolanahi ere, eskas dugu profesional gailen horien arteko lankidetza eta lan koordinatua sustatu beharko lukeen plataforma. Ahulezia horrek ardura ematen digu eta kezkatu egiten gaitu Eusko Ikaskuntzan duela hainbat urtetatik.
Historia, izaera eta jarduera eremuagatik, seguru asko ez da Eusko Ikaskuntza baino erakunde egokiagorik aurkituko, goi gogoetako erakunde bateratu eta diziplina askotarikoren mintegi izateko. Hasiera-hasieratik, duela ia bederatzi hamarraldi, sustapen intelektuala eta gogoeta aitzindaria gure Elkartearen lehentasunezko eginkizunetarik izan dira, eta horretan oinarriturik erakundeak sortu eta eztabaidak bultzatu ditu plano zientifiko eta kulturaletan gabezia sozial nagusiak estaltzearren. Ezagunak dira haren ekimenak hogeiko urteetatik Euskal Unibertsitate bat sortzeko; beragandik sortu zen Euskaltzaindia 1919an, eta berrikiago Asmoz eta Euskomedia fundazioak, berebiziko bulkada ekarri dutenak euskal kultura informazioaren gizartean sar dadin.
Analisi honen emaitza gisa, eta prestatze prozesu luze baten ondoren, datorren ostegunean, urriaren 25ean, Jakiunde. Zientzia, Arte eta Letren Akademia eratuko da. Pedro Miguel Etxenike fisikariaren lehendakaritzapean, Jakiundek hainbat pertsona ospetsu biltzen ditu, zientzia huts eta aplikatuen hainbat diziplinetan, arte sorreran eta pentsamendu kritikoan buruturiko lanagatik ageriki ezagutuak, zeinek baterako lanaren alde egiten duten etorkizuneko erronka handi eta berrien aurrean beren aditu pertzepzioak gizarteari eskaintzearren.
Europan diren Akademia eredu aurreratuenetan inspiraturik, Jakiundek hainbat funtzio bereganatzen ditu, hala nola ikertzea eta funts eta garrantzi bereziko azterlan, txosten eta irizpenak egitea, bai eta proiektu kulturaletan elkarlanean aritzea eta komunitate zientifikoaren barnean eta estatuko zein nazioarteko foro akademikoetan gertatzen diren eztabaidetan parte hartzea.
Organo berri honek, taxutuz eta eginkizuna zehaztuz joan beharko badu ere, ez du alde batera utziko egunen batean gaitasun handieneko kontsulta erakunde instituzionalaren estatusa iristeko asmoa, ez eta gizartearen estimua lortzearena ere, konplexutasun handieneko arazoen au- rrean burutu beharreko argi eta iparrorratz eginkizunagatik. Bestalde, gure ustetan, Akademiak euskal gizarte kolektiboen arteko kooperazioa sendotzen lagundu beharko du, liskar eta interes pribatiboen gainetik. Dena den, Jakiundek orain abiatzen den eta iraupen luzekoa nahi dugun ibilbidean lortuko duen edozein merezimendu, ez da horrenbeste honoris baizik eta laboris causa iritsiko.
Azken batean, herrialdearen errealitatean inkardinaturiko erroa eta zentzua dituen erakunde bat da ostegun honetan eratzen dena, eta zientzia eta kulturaz den bezainbatean haren aurrerabidera osorik emana izango dena. Jakiunderen sorrerak pizten dituen itxaropenen eta desafio handinahiaren jakitun gara: patrizio sorta hauta honek osaturiko erakundeak ez du aurrekaririk gure artean, eta hori luxua da, baina baita erronka izugarria ere. Guztion laguntzaz, espero dut egunen batean esango dela gizarteari eskaini genion tresnak lagundu egin zuela euskaldunek denboran zehar ibili beharreko bidea garbitzen eta ibilera horri argitasun eta zentzua ematen.