GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxebizitza parkea ez dago denen eskura Ipar Euskal Herrian

PACT-HD elkarteak merkatuan etxebizitza duina lortu ezin dutenei laguntzen dihardu. Haren arabera, azken urteotan, merkatuaren irizpideetan etxerik aurkitu ezinik dabiltzanen kopurua ez da aldatu azken 40 urteotan Ipar Euskal Herrian. Alokairua ordaindu ezin dutenak, berriz, gero eta gehiago dira. Alokairu Sozialaren Alde elkarteak daraman lana, azken urte hauetako etxebizitzen prezio igoerak oztopatzen duela adierazi du PACT-HD elkarteak.

Eneritz ZABALETA |

Zailtasun sozialak dituzten biztanleek «gero eta zailago dute» etxebizitza bat erostea, PACT-HD elkarteko kideek diotenez. Azken elkarte hori azken 40 urteotan alokairu «arrazoizko» etxebizitzak kudeatzen aritu da, merkatuan etxebizitzarik eskuratu ez dutenentzat ere etxebizitza eskubidea bermatzeko. PACT-HDko administrazio kontseiluko kide Mixel Mentak elkartearen lana «gero eta zailagoa» dela nabarmendu zuen atzo, hedabideen aitzinean egindako agerraldian. Mentaren hitzetan, «etxebizitza merkatuan, azken urteotan gertatu den kostuen gorakadak» etxebizitza eskuragarriaren alde daramaten lana zaildu du Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

PACT-HD elkarteak zailtasun sozialak dituztenentzat etxebizitza erdiesteko laguntza eta erantzunak proposatzen ditu. Horiei merkatuan aurki ez daitezkeen «alokairu mugatu eta arrazoizko» etxebizitzetan bizitzeko aukera luzatzea da bere lanaren ardatz nagusia. PACT-HDren laguntzen hartzaileak etxebizitza zaharkitu eta ez-duinetan bizi direnak dira, baita merkatuan etxebizitza bat alokatzeko adinako dirurik ez dutenak ere.

PACT-HDko lehendakari Jean Gayasen iritziz, azken 40 urteotan merkatu librean etxebizitza egoki eta duin batean bizi ezin direnen kopuruak ez du gora egin: «Beharrari eutsi zaio. Etxebizitza eskaera anitz igo da azken urteotan. Zenbait faktorek, esaterako biztanleriaren zahartzeak edo familien handitzeak, etxebizitza eskaera igo dute; beraz, zailtasunak dauzkatenak gero eta gehiago dira». Azkenaldian, PACT-HDko kideek diote- nez, orain urte batzuk «hutsik gelditu ziren» etxebizitza zaharkitu eta ez-duinak berriz okupatzen ari dira.

Etxebizitzaren prezioen igoera horrek PACT-HDren lana zaildu dute: «Gure lanaren ardatzetariko bat higiezinak erostea da. Bertan, alokairu arrazoizkoa eskaintzen diegu guregana jotzen duten pertsonei. Horrela, etxebizitza ez-duinetan daudenak etxe horietatik ateratzen ditugu, edo merkatuko alokairua ordaindu ezin dutenei aterabidea ematen diegu. Prezioen igoera dela-eta, gero eta zailago zaigu inbertsioak egitea, eta gure parke lokatiboa garatzea zaila egiten zaigu», azaldu zuen Mixel Menta PACT-HDko kideak.

Baiona Ttipiko kasua

Etxebizitza duin batera sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen kasuaren isla da Baiona Ttipia. Auzoko etxebizitza parkearen zaharkitzearen aitzinean, Baionako Herriko Etxeak, hainbat eragileren eta PACT-HDren laguntzarekin batera, eraberritze plana abian jarri zuen. Mixel Mentak eraberritze hori aipatu zuen agerraldian: «Bilakaera positiboa da. Eraikin anitz eraberrituak izan dira. Baina eraberritzeak, anitzetan, bertako alokai- ruen igoera ere ekarri du. Azkenaldian, Baiona Ttipian hutsik zeuden etxebizitza zaharkitu anitz berriz okupatuak dira, igoera horrengatik».

Eraberritzean urratsak eman badira ere, «oraindik zailena» gelditzen dela erantsi zuen Mentak: «Eraberritzearen fase garestiena eta luzeena dago oraindik egiteko. Baiona Ttipiko etxebizitzen ezaugarriak direla-eta, metro karratuko 2.000 euroko lanak egiteke daude oraindik. Urteak emanen ditu auzoa erabat eraberritzeak. Kostu izugarri hori estaltzeko, botere publikoek zuzenki inbertitu beharko dute auzoan».

PACT-HDko lehendakari Gayasek zehaztu zuenez, orain dela 30 urte hasi ziren Baiona Ttipiko auzoaren eraberritze plangintza lantzeko lehen urratsak ematen. Oraindik hainbat etxe zahartu daude bertan, eta eraberritzeak luze joko du.

ezin ordaindu

PACT-HDk nabarmendu duenez, gero eta gehiago dira alokairuak ordaindu ezin dituztenak. Baionan, egunero horrelako 15 eta 50 txosten artean jasotzen ditu elkarteak, alokairua ordaintzeko premiazko laguntza eskatuz.

Izpuran 60 turismo etxe eraikitzearen kontra

Lurra kolektiboak agerraldia egin zuen herenegun Baionan, Izpuran Akerys promotoreak aurrera eraman nahi duen egitasmoa salatzeko. Turismoari zuzendutako 60 etxebizitza eraikitzeko asmoa du horrek. Lanak azaroan hasi nahi lituzke, hurrengo udarako etxebizitza guztiak amaituta egon daitezen. Intza Oxandabaratz eta Anita Lopepe Lurra kolektiboko kideek gogor salatu zuten asmoa: «Honelako eraikuntzak ez daude tokian tokiko biztanleriaren beharrei egokituta. Biztanleek herrian bizitzeko etxebizitza duinak behar dituzte», erran zuen Lopepek. Izpuraren ondoko Uharte Garazin, era horretako 80 etxebizitza daudela gogoratu zuen Lopepek, eta proiektu hau «sobera» dagoela erran.

Oxandabaratzek eta Lopepek bereziki aipatu zuten eraikuntzak egingo diren eremua uholde arriskua duen gunea dela. «Terrenoa errekaren ondo-ondoan dago. Berez eremu horretan ezin da eraikuntzarik egin. Baina, Akerys-ekoek erran digutenez, turismorako zuzenduriko eraikuntzei araudi hori ez zaie aplikatzen», argitu zuen Anita Lopepek. Proiektua salatu ostean, egoeraren arduradunen jokaera salatu zuten Lurra kolektiboko bi kideek. Beraien ustez, promotorea «bezain arduradun» dira lurra saldu duen jabea eta eraikitzeko baimena eman duen Herriko Etxea: «Akerys-etik erran digutenez, lur jabeak jo zuen beraiengana, eta lurra saltzea proposatu. Herriko Etxeak, berriz, arinki eman du eraikitze baimena», adierazi zuen Oxandabaratzek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo