GARA > Idatzia > Ikusmira

Nekazariek gero eta diru sarrera murritzagoak

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) atzo ezagutarazi zuen txostenaren arabera, erakunde horretako herrialdeetako nekazariek 2006an izandako diru laguntzak aurreko urtekoak baino murritzagoak izan dira, eta Europako Batasunean aldea handixeagoa izan da. Baina, 2004 eta 2006 bitarteko epeari buruzko txostenaren araberako datuak 1986 eta 1988 bitarteko epeari buruzkoekin alderatuta, Europako Batasuneko nekazarientzako diru sarrerak %52 murriztu dira 20 urte baino gutxiagoko epe horretan. Datu horiek joera argia erakusten dute, diru sarreren galera ikaragarria, alegia. Eta zenbakiek, ehunekoek, Euskal Herritik atera gabe suma daitekeena baino ez dute erakusten. Indarreko nekazaritza politikek produkzioa kontzentratzea dakarte, beraz, familia-nekazaritza desagertzea bultzatzen dute, nekazarien produkzioa murriztu eta enpleguak galtzera. Beraz, bertatik bertara ikusgai dagoenaren arabera, eta datuen irakurketa zuzenak berretsita, ez dirudi nekazariek pozteko motibo handirik dutenik, ezta beren lehen sektorearen gainbehera ikusten duten herritarrek ere. Nekazaritza-erregaien gaineko eztabaida ere mahai gainean dago, baina ez dirudi nekazarientzako irtenbidea izan daitekeenik. Eskaera badago, eta erregaia garestia da, baina etekinak ez dira nekazarien eskuetara joaten. Bide horretatik ere, beraz, nekazaria galtzaile.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo