GARA > Idatzia > Ikusmira

Zapateroren «zuzenbide estatua»n biktima elkarteek polizia judizial gisa joka dezakete

Kaskagorri konpartsako eta Gaztesarea internet atariko bi ordezkari Entzutegi Nazionalean izan ziren atzo, «terrorismoaren apologia» eta «terrorismoaren biktimei iraintzea» leporatuta. Atzokoa azken kasua da, baina aurretik Euskal Herriko hainbat politiko, kazetari, marrazkilari, idazle, enpresarik... antzeko salaketei aurre egin behar izan diete.

Beste estatu askok ez bezala, Estatu espainolak ez du berezko polizia judizialik eta, ondorioz, gainontzeko polizietako kideek funtzio horiek betetzen dituzte epaileen aginduz. Orain, dirudienez, poliziak ez ezik «biktima elkarte» izenez ezagutzen ditugunek ere funtzio hori bete dezakete. Beraiek jarritako salaketa bat nahikoa da euskal ordezkari politikoak kartzelara eramateko, lehendakaria epaitzeko, gazteak atxilotzeko edo Guardia Zibila ikerketa lanetan jartzeko.

Euskal gizartean ekimen hauek gehiegikeria gisa ulertzen dira. Euskaldunak zuzenbide estatu honentzat bigarren mailako herritarrak garela erakusten duten elementuak dira. Halere, komeni da ez ahaztea elkarte hauen gaineko susmoa pizten lehendabizikoa Iñaki Azkuna izan zela, eta duela egun pare bat arte, Daniel Portero, salaketa jarri duena, EiTBko ohiko gonbidatua zela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo