Ezustekoa
Mikel Labakak saioa utzi zuen min hartu eta gero
Defentsak kontraktura bat dauka, baina Racingen aurka jokatzeko prest egotea espero du
GARA | DONOSTIA
Albiste txarrak asteko lehen lan saioan, Mikel Labakak utzi egin behar izan baitzuen hankan min hartu eta gero.
Zuri-urdinak partidatxoa jokatzen ari zirela, Mikel Labakak mina sumatu zuen ezker hankan eta aldageletara alde egin zuen. Medikuek gerora adierazi zutenez, kontraktura bat dauka ezker hankaren muskulu bikian. Masajea hartu eta gero ere mina zeukan Labakak eta, «kezkaturik» zegoela adierazi zuen. «Oso azkar gertatu da, minutu bakarrean herren nengoen», azaldu zuen.
Asteazkena da oraindik eta Ligako hamaikako guztietan egon den jokalariak horrela jarraitzea espero du. «Gaur -atzo- asteartea da, eta partida larunbatean. Nire gogoa bihar bertan edo lehenbailehen bueltatzea da, baina hankak jarriko ditu epeak», onartu zuen. Atzelari azpeitiarrak, bestetik, lesio honek iazkoarekin zerikusirik ez duela ziurtatu zuen.
Taldearen egoerari dagokionez, Labakak ez du ezkortasunik nahi, azken bi partidek inpresio txarra utzi duten arren. «Biak irabazteko ilusio handiz geunden -onartu zuen- eta irabazi izan bagenie, hobe egongo ginateke orain, noski, baina bederatzigarren jardunaldian ez da ezkortasunik egon behar».
Hala ere, denboraldiak apurka-apurka aurrera egiten du, eta igoeraren helburua eskuratzeko puntu asko lortu beharra dute. Horregatik, eta batez ere, ezkortasun horri indarrik ez emateko, Racing de Ferrolen aurkako partida «zaila, baina oso garrantzitsua da guretzat».
Gainera, Liga orain arte nola joan den ikusita, etxetik kanpo jokatzea -bi astez jarraian egingo dute hala zuri-urdinek- «ez dut uste gaizki etorriko zaigunik», adierazi zuen.
Ildo berari eutsi zion oso bestelako egoera bizi duen Gorka Elustondok. Orain arte oso minutu gutxi jokatu ditu beasaindarrak, denboraldian «bolada onak eta ez hain onak egoten direla badakigu», gogorarazi zuen. Horregatik, eta azken bi partidetan irabazteko nahia handia izan den arren, taldeak «aurrera jarraitu behar» duela uste du.
Bere egoera pertsonalari dagokionez, Elustondok entrenatzailearen «erabakiak onartu behar» dituela esan zuen, «baita entrenatzen jarraitu ere. Liga luzea da, eta nik pazientzia handia daukat. Gustura entrenatzen ari naiz, neure buruarekin ere gustura nago, eta nire gaitasunengan konfiantza daukat. Edozein mementotan jokatzeko prest nago», amaitu zuen.
Giro beroa
Atzoko lan saioa, bestetik, Lazkaoko Harizti Handi zelaian egin zuten zuri-urdinek. Mila zale inguru egon ziren bertan, batez ere gaztetxoak, eta giro bero-beroa sortu zuten.
Taldea Zubietara itzuliko da gaur 10.00etatik aurrera.