GARA > Idatzia > Kultura

«Libertate osoz idatzitako gogoetak» bildu ditu Patziku Perurenak «Dakiguna ikasten» liburuan

I. AULESTIARTE | DONOSTIA

«Ez dira artikulu tipikoak, gogoeta modukoak dira, eta libertate osoz idatzitakoak». Halaxe aurkeztu zuen atzo Patziku Perurenak bere azken ekarpen literarioa, «Dakiguna ikasten» izen- burupean, Alberdaniaren bitartez plazaratutakoa.

Goizuetan 1959an sortu bazen ere, hamabi urtez geroztik Leitzan bizi da Patziku Perurena. Duela hogei urte baino gehiago poesiaren langatik sartu zen euskal literaturan, «Joannes d´Iraolaren poema bilduma» liburuarekin. Harrezkero, beste hiru poema liburu ere kaleratu ditu, baina Alberdaniako Inazio Mujika Iraolak gogorarazi bezala, saiogile ezin baztertua izatetik datorkio ongi merezitako ospea idazleari. Lan andana kaleratu ditu arlo horretan.

Bada, oraingo honetan ere saiakera hartu du esparru. «Uste dut antzik handiena Ereinek kaleratutako `Harripilatan ezkutatzen zeneko apo tipiaren burutazioak' (1990) izan dezakeela berri honek -argitu du Perurenak-, eta `Harrizko pareta erdiurratuak' (2004) liburuarekin ere badu zerikusia. Baina, nik uste, lan hau askoz ere ugariagoa da».

Egunkari itxura eman die idazleak zazpi edo zortzi urtean idatzitako bere gogoetei, luzeera zein eduki aldetik oso anitzak oro ere. Izan ere, editoreak esan bezala, «edozein gauza izan daiteke-eta aitzakia Patzikuk idazteko, mendi buelta bat, adibidez. Pertsonalki niri asko gustatzen zaizkit Patzikuren gogoeta horiek, besteok ikusten ez ditugun gauza asko ikusten baititu berak naturaren aurrean. Artxiboetako sagua dela ere esango nuke, artxiboetara joan-etorri bat ere izan daitekeelako berarentzat hausnarketarako gaia».

Horren adibide garbia da liburu berria, barnean dituen pieza bakoitzaren ernamuina horietako edozein zertzelada delarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo