GARA > Idatzia > Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Aimar Olaizola haserre azaldu da enpresarekin

Agirreren aurkako partida anaia ezkontzen den egun berean jarri izanak ez dio grazia handirik egin goizuetarrari. «Arazoak irtenbide erraza zuen» bere ustez.

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Ulertzekoa ere bada, Aimar Olaizola ez du batere poztu final-laurdenetan Imanol Agirreren aurka Balmasedan jokatu beharreko partida larunbatean jarri izanak. Kontuan izan behar da egun horretan bertan anaia Asierren ezkontza ospatuko dela, eta enpresak aspalditik zuela horren berri. Erabakia onartu duen arren, Aimarrek argi erakutsi du enpresarekiko haserrea.

«Ez dut uste nire partida larunbatean «tokatu» denik, hala jartzea erabaki dute. Egia esan, pena eman dit erabakiak, eta gorrotoa ere sentitu dut enpresarekiko. Ezkontzaren kontua argitzeko enpresarekin bildu ginen, eta bion arazoari irtenbidea ematea zaila izango zela esan ziguten, bakarra izanez gero errazagoa izango litzatekeela. Orain dela hilabete inguru Asier txapelketatik kanpo uztea erabaki zuten, eta orain niri ezkontza egunean jarri didate partida. Oso haserre gaude gertatutakoarekin», adierazi zuen oso minduta aurrelari goizuetarrak astelehen arratsean Euskadi Irratiko Katedra saioan.

Irtenbideren bat bilatzea posible ote zen galdetuta, Olaizola anaietan gazteenak ziur esan zuen borondatea jarriz gero, arazoak soluzio erraza zuela. «Nire ustez bai, nire ustez arazoak irtenbide nahiko erraza zuen. Larunbatean jokatu ordez, partida ostiralean, igandean edota astelehenean bertan jartzea besterik ez zegoen, baina enpresak ez du ezer egin arazoa konpontzeko», gehitu zuen nafarrak ETBri atzo eginiko beste adierazpen batzuetan.

Partidan pentsatu behar

Ez zaio arrazoirik falta Aimar Olaizolari. Izan ere, Sebastien Gonzalez eta Juan Martinez de Irujoren arteko partida kolokan dagoela ikusita, enpresek ez dute inolako arazorik izan kanporaketa hori igandera pasa, eta Titin eta Xalaren artekoa larunbatera aurreratzeko. Edonola ere, goizuetarrari gertatutakoa ahalik eta umore onenarekin hartzea besterik ez zaio geratzen, eta Agirreren aurkako lehia ahalik eta ondoen prestatzen saiatzea.

«Ezkontza 12.30etan izango da, nik Balmasedan 15.30ak aldera egon beharko dut eta bidea ordu pare batekoa da. Beraz, etxean zerbait azkar-azkar jan eta lehenbailehen abiatu beharko dut Bizkai aldera. Partida oso motza izanda ere, bueltatzerako langostinoak nahiko pasata egongo direla uste dut», aipatu zuen umoretsu.

Kirol arloari dagokionez, goizuetarrak Ekaitz Saralegi amezketarrarekin egin zuen atzo entrenamendu saioa Tolosako Beotibar pilotalekuan. 2002, 2004 eta 2005. urteetako txapeldunak iazko lana hobetu nahiko du aurten -finaletik kanpo geratu zen ligaxkan- eta horretarako larunbatean du lehen hitzordua, Imanol Agirreren aurka. Ezin ahaztu, gainera, Olaizola II.ak irabazi zuela azken Nafarroako Txapelketa erakustaldi ederrak emanda.

Gonzalez eta Irujoren arteko partida igandera atzeratzea erabaki dute enpresek

Sebastien Gonzalezen lesioa medio Irujoren aurka jokatu beharreko partida kolokan dagoela ikusita, enpresek neurketa hori igandera atzeratzea erabaki dute eta, beraz, jokatzekotan Eibarren jokatuko litzateke. Titin eta Xalaren arteko partida, aldiz, larunbatera aurreratu dute eta Iruñeako Labrit pilotalekuan jokatuko da. Erabaki horrekin aurrelari azkaindarrari egun bat gehiago emango diote lesiotik osatu ahal izateko, nahiz eta badirudien Gonzalezen hatzak egun bat edo bi baino gehiago beharko dituela osatzeko. Labriteko dema Telecincok eskainiko du zuzenean.

Asier AIESTARAN

Hautaketak

Bi material aukeraketa egingo dituzte gaur. Xalak eta Titinek 11.30etan aukeratuko dituzte pilotak Labriten; Barriolak eta Bengoetxea VI.ak 16.00etan izango dute hitzordua Atano III.a pilotalekuan.

LESIOA

Asier Berasaluzeri atzo egin zizkioten bere lesioaren larritasuna ziur ezagutzeko probak. Dirudienez Irujok izan zuen lesioaren antzekoa du eta hilabete inguru egon beharko du gutxienez pilotalekuetatik kanpo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo