GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erdizen meatzea irekitzeari buruz herri galdeketa eginen dute Baztanen

Baztango herrietako bost alkatek Erdizen inguruko herri galdeketa egiteko sinadura bilketa martxan dela jakinarazi zuten atzo. Urriaren 1ean izandako Batzar Orokorrean Baztango alkateak agertutako «jarrera autoritarioa eta inposatzailea» izan da horretarako arrazoia.

p022_f01_199x132.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Arizkun, Amaiur, Oronoz, Irurita eta Berroeta herrietako alkateek agerraldia egin zuten atzo joan den urriaren 1ean Baztango Batzar Nagusian gertatua azaldu eta aitzinera begira hartuko duten jarrera azaltzeko. Orduan gertatua gogora ekarri, eta Baztango Alkatetza duen NaBai alderdiak izandako jarrera salatu zuten. Argi utzi nahi izan zuten Udalak eta Batzar Nagusiak baztandarren esku egon behar dutela, erabakiak ezin direla beraiei hitza eman gabe hartu.

Migel Joxe Ariztia Amaiurko alkateak azaldu zuenez, Magna enpresak Erdiz parajean ireki nahi duen meatzeari buruz duen jarrera azaltzeko eskatu zion Baztango Udalari, eta bertan Alkatetza duen NaBaik Batzar Nagusira bere proposamena eraman zuen: Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak oniritzia emanez gero, Udalak ere hala egin zezala proposatu zuen, eta baztandarren iritzia alegazio gisa aurkeztu.

Batzarrean bildutako hainbat alkatek erabaki hori hartzeko goiz zela-eta, desadostasuna adierazi zioten Virginia Aleman bailarako alkateari; baina honek, hala ere, proposamenaren bozketa aitzinera eramatea erabaki zuen. Horren aurrean, alkate horiek Batzarretik ateratzea erabaki zuten. Ariztiak adierazi zuenez, «gure hitzak baliorik ez zuela sentitu genuen, eta, beraz, Batzarrean gure presentziak ez zuen zentzurik». Alkate horiek atera zirenean, Erdiz Bizirik plataformako kideek eta ezker abertzaleko ordezkariek protesta egin zuten, eta bertan behera utzi zuten bozketa. Kontua bere horretan gelditu zen, eta Arantxa Zelaia Berruetako alkateak azaldu zuenaren arabera, ez dago gaia berriz noiz hartuko duten jakiterik.

Baztango alkateak agertutako jarrera «autoritarioa» salatu zuten. Beren ustez, herrietako alkateekiko, eta baztandarrekiko «errespetu falta» adierazten du haren jarrerak. Horren aitzinean herri galdeketa proposatu zuten, «aukerarik garbiena eta demokratikoena delako».

Iruritako alkate Peio Orbegozok azaldu zuen beren jarrera: «Gure herrietan meatzearen aldeko eta kontrako baztandarrak daude, eta gu ez gara inor tamaina horretako egitasmoa erabakitzeko. Baztandarrek erabaki behar dute, eta Batzar Nagusiak nahiz Udalak bere hitza eta erabakia errespetatu behar ditu. Hala behar luke zuzenbidean».

Kronologia

2001-VII-10

Erdizko parajean zundaketa egiteko baimena eman zion Gobernu Batzordeak Magnesitasi.

2002-IV-2

Erdizen Aldeko Plataformak Batzar Nagusiari harrobiaren kontra agertzeko proposatu zion, besteak beste.

2002-IX-30

Magnesitasek zundaketa egiteko baimena eskatu zuen berriz. Ingurumena kaltetzen zuela-eta, bazkatoki komunala zelako, ukatu egin zitzaion.

2003-IX-29

Ingurumenaren eraginari buruzko txostena eskatu zuen EAko zinegotzi batek.

2004-V-21

Udalaren Osoko Bilkuran, Magnesitasek Erdizen etekinak atera nahi dituela salatu zuten.

2006-IV-28

Ingurumenari buruzko txostena INGEANek eginen zuela adierazi zen.

2006-XII

EA eta Magnesitasen arteko bilera egin zen Elizondon.

2007-I

«Ixilpeko bilkurak» direla-eta, Erdizi buruz mintzatzeko herri batzarra egin zen.

2007-III-5

Esteribarko Udalak Baztangoari Erdiz parajean bi bailaren arteko mugak aldatzeko akordioaren berri eman zion. Ezezkoa erantzun zuen Baztanek.

2007-III-24

Elizondon Erdizen harrobia egitearen kontra 2.000 lagundik goiti manifestatu, eta sinadurak bildu zituzten.

2007-IX-12

INGEANek egindako txostenaren kopia ofizialki eskatzen zuen Erdiz Bizirik plataformak. Ordu arte ahoz egindako eskaerek ez zuten erantzunik izan.

2007-IX-14

Plataformak eskaera ofiziala egin zion Udalari Erdizi buruzko txostena ezagutzeko, erantzunik ez zuen jaso.

2007-X-1

Baztango alkateak NaBairen izenean Erdizen egin nahi den meatzeari buruzko erabakia Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailaren esku uztea proposatu zuen Batzar Nagusian. Hainbat kidek gai hori herritarrekin batera aztertzeko denbora eskatu zuten. Hala ere, bozketa agindu, eta kideak bertatik atera egin ziren. Batzarra bertan behera gelditu zen.

herritarren hitza

Batzar Nagusiko bost alkateok baztandarren hitzarekiko errespetua eskatu zuten. Nabarmendu zutenez, «Baztan ez da Udalarena, Udala baztandarrena baizik».

Sinadurak biltzeko kanpaina abian da

Herri galdeketa egin ahal izateko sinadurak bildu behar dira, eta atzo adierazi zutenez, martxan da horretarako kanpaina. Baztandar guztiek aukera dute udaletxean herri galdeketaren eskaera sinatzeko, eta bertzela, herrietako alkateengana jo dezakete horretarako. Patxi Larralde Arizkungo alkateak azaldu zuenez, erroldaren %10ek eman behar du sinadura, eta hori Baztanen 610 lagun inguruko kopurua izanen litzateke.

Aipatzekoa da Erdizen egin nahi den meatzearen kontra Baztanen sortutako mugimendua, Erdiz Bizirik plataforma ordezkari duena. Joan den martxoaren 24ko manifestazioan 2.000 lagunek gaitzespena adierazi zioten meatzeari Elizondoko karriketan, eta egun hartan kontrako 2.000 bat sinadura bildu ziren.

Atzo Oronozko alkate Bittor Elizagoienek adierazi zuenez, «jakina da Baztanen dagoen herri mugimendua, eta mugimendu horrek erantzuna eskatzen du. Baztanek erabakitzeko aukera izatea da erantzun hori. Aldi berean, Udalari eta Batzarrari erabaki hori errespetatzea eskatzen diogu». Gaineratu zuenez, Batzar Nagusia bezalako egiturak bultzatzeko ideia zabaltzen badute ere, aldi berean horren kontra ari direlako. J. M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo