Muted metal zazpikotearen «Sena» melodiko berria
Bost urteko ibilbidean zazpikote bihurtu eta bi lan argitaratu ditu Muted talde abadiñoarrak. Azkena, atzo Baga Biga disketxearekin plazaratutako «Sena». Programazio elektronikoz jantzitako metal indartsua jorratzen duen taldea gogoz ari da lanean zuzenekoetarako.
Anartz BILBAO | BILBO
2003an boskote jaiotako Muted taldeak pauso irmoz egin du aurrera, egungo zazpikotea osatu arte. Atzo, «Sena» lan berria aurkeztu zuten prentsaurrean, Baga Biga diskoetxe bizkaitarrarekin plazaratu duten lan berria.
Makina bat lehiaketatan parte hartu eta emaitza onak lortu ondoren, «Sarean» izeneko diskoa ekoiztu zuten 2005ean Oihuka diskoetxearekin; han programazio elektronikoz jantzitako metal lan trinkoa azaltzen zuten. Bi urte joan dira, eta taldeak partaide bat irabazi eta diskoetxea ere aldatu du bigarren emaitza ekoizteko.
Egun Edu eta Daniren gitarrek, Christophen programaketek, Rubenen bateriak, Anderren baxuak eta Eneko eta Aitzolen ahotsek osatzen duteMuted. Diskotxeko arduradunen esanetan, lan melodikoa sortu du taldeak, muturreko metalean lerratzen diren arren; teklatu elektronikoak, metala eta rapa osagai nagusi hartuta.
Ikuskizun berritzailea
Hitzetan gizarte gaiak eta sentimenduak azaleratzen dituzte eta soinuan aurreko lanean baino zehatz eta indartsuagoak izaten saiatu dira, melodiei pisu berezia emanez. Gainera, Christophe aita izanak, eta diskoaren garapena bederatzi hilabetez luzatu izanak izan du zerikusia «instintiboki» sortutako lana «Sena» izendatzerakoan. Lana gogorra izan da baina erditze pozgarria izan du, orain zaindu eta babestu beharrekoa.
Lana aurtengo ekaina eta iraila bitartean grabatu du taldeak Ondarroan, Mikel Santosen gidaritzapean. Zuzenean jotzeko irrikan da taldea. Momentuz bi kontzertu iragarri dituzte. Estreinakoa, larunbat honetan bertan, Durangoko Plateruenan. Bigarrena, Tolosako Bonberenean, azaroaren 1ean. Oholtza gainerako apustu indartsua prestatu du taldeak, ikuskizun berezia izango da beraz Durangokoa, sorpresaz betea.
Bukatzeko, esan, diskoak sor ditzakeen irabazi guztiak mundu osoan zehar haurren alde lan egiten duen Haurralde Gobernuz Kanpoko Erakunde euskaldunari ematea erabaki duela taldeak. Hori dela eta, lanaren diseinua, azaleko argazkitik hasita, umeengan oinarrituta dago, goitik behera.
«Sena» diskotik sortutako etekinak munduan zehar egoera larrian bizi diren haurren alde lanean diharduen Haurralde Gobernuz Kanpoko Erakunde gipuzkoarrari bideratzea erabaki du Muted taldeak.
Larunbat honetan Durangoko Plateruenan aurkeztuko du taldeak «Sena», Noizean Behin taldearekin batera. Ikuskizun berezia ere prestatu dute bertarako, sorpresaz betea, orain arte, inguruotan, inoiz ikusi gabekoa.