GARA > Idatzia > Musika

Rufus Wainwright-ek ezentrizismoz jotako pop barrokoa dakar zainetan

p057_f01_97x92.jpg

A. B. | BILBO

Musikari familia baten baitan jaioa, pianoa eta kantua haurtzarotik ditu lagun Rufusek. Musikari oparoa, bost lan plazaratu ditu 1998an debut homonimoa eman zuenetik, azkena aurtengo «Release the Starts». Bere homosexualitateaz eta drogazaletasunaz argi mintzo den 34 urteko gizon dotorea mundu mailako itzuli batean murgilduta dabil egun. Bitxia, ezhoikoa dugu Rufus Wainwright, «Agnus Dei» kantatzera ausartzen den pop izarra.

Gurasoak folk kantari dituen artista gazteak Montrealen, Kanadan, eman zuen gaztaroa eta arreba Martha ere abeslari arrakastatsua du. 2004an «Want Two» kultuzko lan goraipatua plazaratu zuen, munduaren arreta bereganatuz. Metanfetaminazale amorratu izandako artista New Yorken bizi da aspalditik eta zinemarako soinu bandetan ere parte hartua da, «Briget Jonesen egunerokoa», «Brokeback Mountain» edo «Shrek» kasu. New Yorkeko Metropolitan Operak opera bat sortzeko mandatua egin dio oraintsu. Bere ahots baritonoarekin opera popa edo pop barrokoa lantzen du kultura klasikoa ondo bereganatua duen Rufusek. Epikaz betetako azken diskoa 2007ko maiatzaren 15ean argitaratu zuen Geffen disko etxean eta ekoizpenean Neil Tennant-ek (Pet Shop Boys) parte hartu du. Duela gutxi, miresten duen Judy Garland-en omenaldian ere parte hartu du kanadar-estatubatuarrak.

Munduko lau kontinentetan zehar eramango duen bira bukatzean «Prima Donna» izeneko opera ontzeari ekingo omen dio buru-belarri. Donostian oraindik sarrerak salgai badaude ere, aspaldi ahituak ditu Oslo edo Londreskoak. Donostiako Kursaal aretoan taldean azalduko zaigu Rufus, azaroaren 7an, asteazkenez, 20.30ean. Sarreak, 18-36 euro bitarte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo