Fever aretoak !!! (chk, chk, chk) gonbidatu du urtebetetze jaira
Mundu erdiko dantzatokiak saltoka jarri dituen !!! (chk, chk, chk ahoskatu) taldea gonbidatu du Bilboko Fever aretoak bigarren urteurrena ospatzeko. Sacramento eta New York artean bizi den zortzikoteak «Myth Takes» hirugarren lana aurkeztuko du ordu txikiak arte.
Anartz BILBAO | BILBO
Europako hiritzar askotan egin ohi duten legez, Santana 27 aretoa lautan banatu eta koloreka antolatutako eremu bilakatuta, Djak eskaini ohi ditu Fever egitasmoak, klub kultura bultzatuz. Larunbat honetan bigarren urteurrena ospatuko dute eta !!! (chk, chk, chk) talde harrigarria gonbidatu dute festara.
Goian ageri zaigun Rufus metanfetaminazale amorratu izan bagenuen, !!! taldeak extasia hartzera gonbidatzen gaitu, «Take Ecstasy With Me» bezalako kantuetan. Hala ere, «drogatzearena norbanakoaren erabakia dela uste dut. Nik, adibidez, askoz gehiago gozatu ditut drogak ikusle legez artista legez baino. Musika egiteko orduan, sinetsidazue, ez dago kafea bezalakorik» esan du taldekide batek.
Zortzikote berezia dugu !!! (chk, chk, chk ahoskatua). 1995ean Sacramento hirian sortua, John Pugh (bateria), Nic Offer (ahotsa), Allan Wilson (kobreak), Mario Andreoni (gitarra), Tyler Pope (teklatua), Justin Van Der Volgen (baxua) eta Dan Gorman eta Jerry Fuchs (perkusioak) ditu taldekide.
Hirugarren diskoa plazaratu dute aurten, «Myth Takes». Lana gauzatzeko, Nashvillen etxe huts bat alokatu eta bertan itxi zen zortzikotea. Goizero, Kung-fu saioa egiten zuten elkarrekin. Arratsalde eta gau osoan zehar, berriz, sorkuntza, kafeak lagundurik. Lana Chris Woodhous-ek grabatu zuen eta Justin Van Der Volgen taldeko baxu-jotzaileak ekoitzi. Taldekideen esanetan, «guk, egiaz nahi dugun bakarra zuzenean jotzea da, hor agertzen delako benetako magia».
Zuzeneko emanaldiaren ostean jaiak goizaldera arte jarraituko du disko jartzaileen partaidetzarekin. Urre koloreko sukarrak jota, Kinki eta Mimoloco. Sukar arrosa Gora ta Gorak eta Ojospintados-ek. Gerardo Nivak eta Arne Ok sukar urdina eta Delise Vs Sop 21, Peth eta Almahk-ek, berriz, sukar beltza.
Fever egitasmoak koloreka banatzen du Santana 27, lau aretotan. Klub kultura, kanpoko eta etxeko disko jartzaileekin, goizaldera arte dantzaz gozatzeko. Sukar arrosa, urdina, urre kolorekoa edo beltza.
Data: Etzi, larunbata 3.
Lekua: Fever (Santana 27, Bilbo).
Ordua: 00.00etan.
Sarrera: 15/18 euro.
Disc Jockeyak: Kinki eta Mimoloco Dj (Fever Gold). Gora ta Gora eta Ojospintados Dj (Fever Pink). Gerardo Niva eta Arne O Dj (Fever Blue). Delise Vs Sop 21, Peth eta Almah Mater Dj. (Fever Black).