GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jon Etxebarria «Txontxe» Askapena

Irlandako kalakaz

Irlandako prozesua ez da perfektua, alde askotatik da kritikagarria, baina irlandar gehienek adostutakoa da, eta guk hori errespetatzen eta onartzen dugu

Aurreko egunean ETB1eko «Kalaka» saioaren gaia Irlandako prozesua izan zen, eta gonbidatu batzuen ezjakintasunak eta manipulazioak harritu egin gintuzten. Irlandako prozesua ez da perfektua, alde askotatik da kritikagarria (eta, Joseba, kontuz ETA erakunde armatuaren dokumentuak jendaurrean aurkeztearekin, orain 10 urte nahikoa izan zen HBko mahai nazionaleko kideak espetxeratzeko -Alternatiba Demokratikoa- eta beste batzuk barrura joan dira «Zutabe»ren bat edukitzeagatik), baina irlandar gehienek adostutakoa da eta guk hori errespetatzen eta onartzen dugu.

Prozesu horretatik, eta Euskal Herria eta Irlanda desberdinak direla jabetuta, nahikotxo ikas dezakegu. Borondaterik gabe ezinezkoa da prozesu bat martxan jartzea, hori ezinbestekoa da, eta gatazka piztuta dagoenean ere elkarrizketak jarraitu behar du (sukaldean, jantokian...). Estatuek argi eta garbi adierazi eta onartu behar dute herritarren nahia errespetatuko dutela (Downing Streeteko aldarrikapena eta ez Zapateroren Espainiako Kongresuko adierazpena) eta elkarrizketa eta negoziazio bidez alde guztiek konpromisoak adostu behar dituzte (su-etenak eta biolentzia ezak, presoak, desmilitarizazioa, giza eskubideak, biktimak...) prozesua egonkortzeko. Eta bakea horren guztiaren ondorio izango da.

Horrela, unean uneko soluzioak bilatu behar dira, eta etorkizunerako aukera politiko guztiei ateak zabaldu -uhartearen batasunari ere bai-, eta bideragarriak direla bermatu. Irlandan marko politiko-juridiko berria adostu zuten alde guztiek, eta herritarrek onartu egin zuten erreferendumaren bidez (hasieran guzti-guztiek ez zuten onartu: DUPek eta unionisten erdiak ezetz esan zion 1998ko akordioari). Marko berriak autodeterminazioaren eta lurraldetasunaren korapiloak askatze bidean jarri behar ditu. Batetik, Irlandako kasuan, autodeterminazioa errealitatetik abiatu zen, eta iparraldeko eta hegoaldeko herritarrek, biek elkarrekin baina bakoitzak onartuta, gauzatuko da edozein aldaketa. Eta bai, Hego Irlandako Estatuak konstituzioaren bigarren eta hirugarren artikuluak moldatu behar izan zituen; iparraldeko sei konderrien gaineko burujabetza iparraldeko eta hegoaldeko herritarren nahiaren menpe jarri zuen; Londresek aldatu beharko duen moduan -horixe sinatuta dauka akordioan- irlandarren nahia Irlanda batua izaten denean.

Bestalde, lurraldetasunaren korapiloa askatze bidean jarri zuten. Oraingoz Ipar Irlanda Erresuma Batua da, baina Ipar Irlandaren etorkizunean hegoaldeko Estatuak badauka gaur egun Britainiako Estatuak besteko zeresanik (edozein aldaketa Hego Irlandan ere onartu beharko dute), Irlandako nazio mailako edo uharte osoko egiturak sortu dituzte, Ipar Irlandako ministroek hegoaldeko aferetan parte har dezakete, iparraldeko herritarrek nahi badute irlandar naziotasuna eduki dezakete, etab.

Beraz, alde guztiek «ordaindu» behar izan dute zer edo zer normalizazio politikorako trantsizioa martxan jartzeko eta bakea eraikitzen hasteko. Unionistek Ipar Irlandako herritarren erabakitzeko eskubidea eta iparraldearen irlandartasuna (hegoaldeko Estatuaren parte hartzea, nazio mailako egiturak...) onartu behar izan dute; errepublikarrek eta abertzaleek, berriz, autodeterminazioaren aplikazioa uharteko bi errealitateak kontuan hartu eta bien oniritzia behar dela onartu behar izan dute.

Laburbilduz, gatazkaren oinarrian dauden autodeterminazioa eta lurraldetasunaren korapiloak askatze bidean momentuko soluzioak bilatu eta etorkizuneko aukera guztiak bermatu zituzten Irlandan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo