GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Arrano etxeko hegaztien askatzea

Aspaldian ez bezala hegan, aske eta osasuntsu, berriz ere airera

araje ederra da Aiako Pagoetako parkean kokatutako Iturraran Parketxearen ingurua. Atzo are eta ederrago agertu zen, aspaldian, gaixo edo zaurituta zeudelako, askatasuna galdu zuten hamabost hegazti zeru zabalean aireratu zituztelako. Osasuntsu daudela bistan da, gainerakoan zaila litzateke haiek abiatu zuten hegaldi dotorerik egitea. P

p022_f01_111x111.jpg

Kartoizko kaxak baliatu zituzten Iturrarango Parketxera eraman ahal izateko, eta bizirik baleude bezala mugitzen ziren, salto batean. Aspaldian hegan egin gabeak ziren, eremu zabalean behintzat, eta hortik akaso egonezina. Kazetari mordoa lekuko, lehen hegaldia zein modutan egingo ote zuten zain denak; presioa, beraz, hilabete luzez, aske, haizeak gidatzen dituela hegan egin gabea zen hegazti taldearentzat. Lehen kaxa zabaldu, eskularru egokiak jarrita, eskua sartu, eta bertatik atera zapelaitz arrunta espezieko hegazti ederra. Arrunta omen, horrela baitio bere izenak, baina bertan bildutakoei ederra, bakarra iruditu zitzaigun. Burua tente eta egonezina nabarmen, saltotxo batean aske uztearekin batera ekin zion hegoak astintzeari, hegaldi ederrean, dotorean; hurrunean, begiek ikusteko aukerarik ez duten muga gainditzeraino. Hurren beste zapelatza, gazte eta txikiagoa. Hau ere aurrekoaren modura, segika ari balitzaio bezala, sarri-sarri hegoak astinduz..

Ondoren belatza, txikia eta bizia, baina hegaldi makalagoan, baxu eta momentutan trabeska; hala ere ezkutatu.

Akaso, kaxatik ateratako hegaztirik bitxiena, urubia. Lehen unean begiak zabal-zabalik, handi-handi, baina segundoek aurrera egin ahala begiak itxita, lotara balihoa bezala. Ez da harritzekoa, urubia inguruan dagoen gau harrapari ugarienetarikoa da, baina ez dago egunez aritzen ohitua. Askatu eta segituan joan da basora, bertan itxarongo omen du eguzkia ezkutatu eta elikagai bila abiatzeko. Horrela, banan-banan, dozenatik gora hegazti, kaiolatik askatasunera.

Hegaztiak askatu eta denbora luzea igarotzerako hasi ziren, inguruan tokia hartua duten hegaztiak protestan, builaka. Nonbait ez dago guztientzako leku- rik eta janik. Atzo Aian askatutakoak, ordea, laster, indarrak hartutakoan itzuliko dira sortu diren lurretara.

Hegazti haragiz indartuta

Guztiek azken hilabeteak Igeldoko Arrano Etxean igaro dituzte, osatzen eta indarra berreskuratzen. Gaixorik edota zaurituta iritsi ziren denak, baina atzo berriz ere osasuntsu aireratu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako diputatu Rafael Uribarrenek jakitera eman zuenez, kasurik gehie-netan ehiztariek tiro egin dietelako, edota argindar kableen edo autoen aurka jo eta zauritzen direlako iristen dira zentrora. Hala ere, bada gaixotu eta elikagairik aurkitzeko gaitasunik ez duelako elikadura urritasunak jota iristen den hegaztirik ere.

Arrano Etxean zaindari izan dute hegaztiek Joxean Albisu. Haren esanetan, askatu dituz-ten urubiak oso gazteak zirela iritsi ziren zentrora, habiatik erori zirelako. Martxoa inguruan jaso zituzten, eta hilabete hauetan jateko galeperrak emanez indartu dituzte.

Eguneko harraparien kasuan tiroz zaurituta iritsi ziren gehienak. Albisuk dio zauria bera edota apurtutako hezurra hiru edo lau astetan sendatzen dela. Zailagoa izaten da, ordea, lumak berritzea, eta horregatik luzatzen da osatze prozesua hilabeteetan. Tarte horretan, haragiz, oilasko haragiz, elikatu dituzte Igeldon. Ehiztariengandik babesteko, horixe atzo Igeldotik ez, Iturrarango Parketxetik baizik askatzeko arrazoia. Paraje ederra izateaz haratago, babestua ere badago inguru hau eta, beraz, bertan ezin da ehizatu.

Arretaz zaindu ditu tarte honetan Albisuk atzo berriz ere askatasuna berreskuratu zuten hegaztiak. Aske direlako poza, baina ikusiko ez dituelako tristura, zer sentitu duen galdetuta, poza gailentzen dela dio, hegaztiak hegan eta ez bestela ikustea baita pozgarriena.

Jada joan-etorrietara ere ondo ohitua dago. Iaz bakarrik 353 animalia, kasurik gehienetan eguneko eta gaueko hegazti harrapariak eta itsas hegaztiak, hartu zituzten zentro honetan, eta abian dagoenetik 6.000 baino gehiago. Denek ez dute atzo askatu zituztenek adinako zorterik, kasu guztietan ez baita posible osatu eta berriz ere aske izatea, haizearen norakoak eta ez beste ezerk gidatuta hegan egitea, berenean aritzea.

Maider EIZMENDI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo