Aizkora Bizkaiko Irekia
Finalean zeintzuk izango diren Diman jakingo da
Arrospide-Aldape Atutxa-Arriaren aurka neurtuko dira, eta Rekondo-Zubiaga Larretxea-Garitaren aurka, gaur eguerdian izango diren finalerdietan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Bizkaiko Irekiko bi finalerdiak jokatuko dira gaur eguerdian 12.30etik aurrera Diman. Bertan, gainera, herriko bi semeak, Atutxa II.a eta Aldape, bertan arituko dira, elkarren aurka.
Rekondo-Zubiaga Larretxea-Garitaonaindiaren aurka arituko dira lehen finalerdian. Azken hauek dira irabazteko faboritoak. Larretxeak markatu behar ditu aldeak, eta hori lortzen badu garaipena lortzeko aukerak izango dituzte. Hori egin ezean, ez dute lan samurra izango, Garitaonaindia besteak baino gutxiago baita.
Rekondok aurten ez du denboraldi ona egin, ez ditu zaleek itxaroten zituzten emaitzak lortu, baina hemen aukera paregabea dauka bere maila eman eta lan bikaina egiteko. Gainera, Arabako txapelduna du lagun, eta Zubiaga bera ere maila oneko aizkolaria da. Lehia estua izatea espero da.
Hala ere, eguneko ikusminik handiena beste finalerdiak piztu du. Alde batetik Aldape eta Arrospide izango dira, eta bestetik Atutxa II.a eta Arria V.a. Aldape eta Atutxa herrikoak dira, eta horrek ikusmin handia piztu du, herriko bi gazte elkarren aurka arituko baitira. Bestetik, Atutxak eta Arriak osatzen duten bikoak ere ikusmin handia piztu du. Atutxa gaztea da aizkorako zaleen itxaropen handia, ez bizkaitarrena bakarrik, baita Euskal Herri osoko zaleeena ere.
Arriarekin ere jendeak oraindik badu itxaropenik. Aizkoran hasi eta utzi ibili da azkenaldian, baina gogoz hartu eta bere burua prestatzen baldin badu, puntan ibiltzeko aukera izango du, eta aizkorako zaleek horren itxaropenik ez dute galdu. Denek diote, gainera, une honetan oso ongi dagoela, eta maila handia ematen ari dela lehian.
Horrenbestez oso bikote arriskutsua izango da Dimakoak eta Errezilgoak osatutakoa. Biak handiak dira, eta kolpea ere horrelakoxea dute. Lantegi hauetan primeran moldatzen dira biak, eta ez dira finaletik oso aparte ibiliko.
Aurrean, ordea, Arrospide eta Aldape dituzte. Leburukoarentzat lantegi hauek ere oso onak dira, gaur egun proba honetarako dagoen onenetakoa da, eta duen eskarmentua kontuan hartuta, segurtasun handia ematen du. Gakoa, agian, Unai Aldaperengan egongo da. Aizkolari gazte honek ere kolpe handia du, oso gozoa da aizkora, baina honek ere prestakuntzarekin izaten ditu arazoak. Gaur aukera paregabea dauka hori guztia erakusteko.
Denak Tolosara
Egur Sport enpresak ez dauka etenik. Asteburu luze honetan Bizkaiko Irekia amaituko baldin bada ere, berehala hasiko da binakakoa, baina hori hasi aurretik, aizkolaririk azkarrenaren saria jokatuko da azaroaren 18an Tolosako Beotibar pilotalekuan.
Bertan, gaur egun Euskal Herrian dauden aizkolaririk gehienak izango dira. Horietaz gain Espainiatik etorriko direnak ere parte hartuko dute. Asturiasetik, Madriletik, Segoviatik eta Soriatik etorriko dira Euskal Herrira. Horiexek izango dira arituko diren aizkolari atzerritar bakarrak, aurten ez baita nazioarteko lehiaketarik izango.
Bizkaiko Irekian gaur eguerdian finala jokatzeko txartela eskuratzen duten bi bikoek, ez dute atsedenik hartzeko tarte handiegirik izango. Etzi bertan jokatuko baitute finala, Bilbon, La Casilla kiroldegian, 16.45etik aurrera. Lehiaketa horretan, Bizkaiko zortzi aizkolari, Urrezko Aizkorako zortzi onenekin bikoa eginez aritu dira, Egur Sportek eta Bizkaiko Federazioak elkarlanean antolatuta, Bizkaiko aizkolaritza indartu asmoz.
Egindakoarekin gustura agertu dira bi aldeak, eta errepikatzeko gogoz. Gaurko bi finalerdiak, eta etziko finala, Euskal Telebistak eskainiko ditu.