Memoria oinarri duen liburu «sailkaezina» argitaratu du Amurizak
«Dinosauroak horizontean» Xabier Amurizaren azken liburuak fikzioa eta errealitatea nahasten ditu. Bilbon aurkeztu zuen atzo Amurizak berak argitaratu duen liburua; obra «sailkaezin» bat, bere hitzetan.
Karolina ALMAGIA | BILBO
Memoriak, fikzioa eta pentsamenduak uztartzen ditu Xabier Amurizak «Dinosauroak horizontean» bere azken liburuan. «Errealitate bat deskribatzeko erarik onena fikzioa da. Errealite bat gertatu den bezala kontatzea ezinezkoa da», azaldu zuen egileak atzoko aurkezpenean. Eleberri baten aurrean gaude, beraz? «Bai», erantzun zuen idazleak. Erreferentziazko hiru izen ere aipatu zituen: Kafka, Proust eta Joyce. «Egile horiek demostratu zuten bezala, eleberri batetan nahi duzuna egin dezakezu. Literaturan segurantza batera iritsi naiz jada; horrenbestez, hobe dut egitura orokorrari buruzko teorizazioei jaramon handirik ez egin. Erabaki dut unean uneko inspirazioak bakarrik balio duela. Baita, noski, idazteko estiloak ere».
Horiek horrela, zaila egiten zaio Amuriza berari «Dinosauroak horizontean» zer den laburtzea. «Sailkaezina dela entzutea gustatuko litzaidake. Horrela, azalpen gehiago ematetik libre sentituko nintzateke. Nobela honen izaera metodo baten ondorioa da. Urte batzuetan zehar material gordina pilatzen joan nintzen, esaldien banaketa, luzera, ordena.. astia nuenerako utzirik. Erretiroak ekarri du hori». Amurizaren asmoa, Prousten «Denbora galduaren bila» obrako zazpi liburukien luzera berdintzea da. Ziklo guztia «Joan ziren» deituko da, eta lehen aleari bigarren batek segiko dio; «Kiratsetik ihesi» deituko da seguru asko.
Autobiografikoa
«Etxetik ordaindu beharreko» autoedizioa da liburua, idazleak azkeneraino eraman nahi baitzuen «errebeldia». Edukiaren oinarria bere haurtzaroa da. «Batek baino gehiagok pentsatuko du nire autobiografia dela. Memoria, noski, neurea da, baina ez zait interesatzen gertaerak gertatu bezala kontatzerik, ezta oroitzen ditudan bezala kontatzea ere. Memoria, soil-soilik, iturri bat da. Hori bai, zorionez, garabidea ematen duten motiboak aurkitzeko iturri agortezina da memoria. Batzuetan abiagunea benetan gertatutakoa da eta beste askotan guztiz asmatutakoa, baina emaitzak, beti ere, errealite unibertsal bat islatuko du: garai zehatz bateko Euskal Herriko errealitate bat».
Memoriarekin batera, pentsakera dago liburu honetan, egileak berak azaldu zuenez. «Beharbada umetako denborarik gehiena bakarrean igaro nuelako, pentsaketa da nire dibertsiorik handiena. Hainbesteraino, ezen ezin dut izaki inerterik ikusi bere pentsakizunak deszifratzen, destripatzen, saiatu gabe».
Amurizak euskal kultura eta euskarari buruzko hausnarketa batzuk ere egin zituen atzo. «Euskal literaturan euskarak berak darrai gai zentrala izaten. Ez da seinale ona». Bere ustez, euskarak «interbentzio globala, konbergentea eta norabide zuzenekoa» behar du. Baina, lehen hizkuntzaren egoerak sufriarazten bazuen ere, orain fenomenoari kanpotik begiratzen ikasi du. «Euskara galtzeak baino pena handiagoa ematen dit neu hil beharrak», ironizatu zuen.