GARA > Idatzia > Txirrindularitza

ZIKLO-KROSSA Aurkezpena

David Secok zorte txarra alboratu izana espero du

Txirrindulari busturiarraren helburua denboraldi bukaerako probetan ondo aritzea izango da

p045_f01_148x108.jpg

Beñat ZARRABEITIA | BILBO

Euskal Herriak ziklo-kross mailan duen txirrindularirik onenak, David Secok, aurtengo sasoian dituen helburuez jardun zuen atzo Bilbon.

Busturiarrak, datozen hilabete hauetan eramango dituen maillota eta bizikleta ezagutzera eman zituen. Secok, iaz bezala, Galiziako Froiz supermerkatu en eta Arabako Spiuk bizikleta etxearen laguntza izango du. Bi enpresa horiek, eta beste hamarrek, bizkaitarrarengan erabateko konfiantza izaten jarraitzen dute, nahiz eta iazko denboraldia erabat aldrebesa suertatu Secorentzat.

San Kristobal auzoko txirrindulariak onartu zuenez, «iaz anbizioz beteriko proiektua nuen, baina hanka hausteak dena moztu zidan, ondoren errekuperatzea besterik ez nuen buruan eta kasik ez nintzen lehiatu». Horrenbestez, aurtengo denboraldiari begira, «ilusio eta motibazio handiagoa daukat, gainera babesleek ez didate kale egin».

Dena den, Secok badaki bere sasoirik onenetik urruti dagoela. Busturiarraren hitzetan, «prestaketa apur bat atzeratuta daukat, atzerrian parte hartu dudan bi probetan nire punturik onenetik urruti nagoela ikusi dut, baina nire esperientziari esker pedal kolpe egokia topatzea espero dut».

Horiek hala, datorren hilean Igorren ospatuko den munduko txapelketako frogari begira, tentuz jokatu nahi du Secok. Ez du ezer baztertzen, baina «hasiera ez da batere erraza izango, Igorre laster ailegatuko da, baina ziklismoa ez da matematika». Beraz, denboraldi hasieran une egokian ez dagoela onartu ondoren, busturiarrak argi du urte bukaeran ondo egongo dela. Sasoiaren amaierari begira, hurrengoa zehaztu du: «Espainiako zazpigarren txapelketa erdiesteko aukera dut, eta Munduko txapelketa ere hor dago. Bertan, puntu onean egotea espero dut. Ilusio handia daukat».

Froga horiek heldu bitartean, beste lehiaketa batzuk izango dira. Horien artean, aurrenekoa igandean Karrantzan. Bizikletan igotzeko unean, Secok «zorte txarra alboratu izana» espero duela adierazi zuen. Izan ere, «azken urteotan bizitzak kolpe gogorrak» eman dizkiola aitortu zuen atzoko aurkezpenean. Secok aro berri bati ekiteko gogoa du, eta gauzak lasaitasunez hartu nahi ditu: «Oraindik lau edo bost urte goian egotea espero dut. Aurten nazioartean ondo aritzen banaiz, hurrengo urtean ere ziur goian egongo naizela».

Bestalde, Arabako Spiuk etxeko Jose Fernandezek ere aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen. «Davidengan sinisten dugu, iaz utzi zuen lesioa atzean utzi izatea espero dugu eta bere betiko mailan ikusi nahi dugu», nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo