GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Historia eta euskalkiak gogoan, adineko euskaldunen ahotik

Tokiko toki telebisten sarea eta Arteman komunikazio enpresa «Euskaldunak hizketan» saio sortaren ekoizpen lanetan aritu dira buru-belarri azken hilabeteotan. Zazpi tokiko telebista, historiako hainbat pasarteren gaineko lekukotasunak jasotzen aritu dira.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Euskararen aberastasuna nabarmendu eta gure herriaren historia berreskuratzea helburutzat hartuta, Tokiko euskarazko toki telebisten elkartea eta Arteman komunikazio enpresa «Euskadunak hizketan» ekoizpena prestatzen ari dira. Elkarteko kide diren zazpi telebistek (Goiena, Goierri, Zarautz, Ttipi-Ttapa, 28. Kanala, Urdaibai eta Xaloa) euren eskualdeetako 42 adineko pertsonei elkarrizketak egin dizkiete eta, orain, Arteman enpresa ari da horien muntaketa lanetan. Bertatik azaldu dutenez, hamabost gai izan dituzte hizpide. Besteren artean, Eliza, 36ko gerra, euskara, jaiak, gizon eta emakumeen arteko harremana, gastronomia, medikuntza eta kirolaren gaineko hausnarketak egin eta, koprodukzioak eskatzen duen lana medio, lehenengo emankizunak datorren urteko urtarrilean hastea espero dute.

Historia adinekoen eskutik eskaini nahi izateaz gainera, koprodukzioko kideek euskarari ere garrantzi berezia eman diote. Artemanetik azaldu dutenez, «helburu nagusia historiaren ikuspegi berri bat eskaintzea da, protagonisten hitzak erabilita eta, nolabait, euskararen transmisioari bultzada bat emanez». Hartara, saio-sortan hainbat euskalki entzuteko aukera izango da, grabaketak Nafarroako Bortziriak eskualdean eta Baztanen, Gipuzkoako Debagoienean, Goierrin, Urola Kostan eta Tolosaldean, eta Bizkaiko Lea-Artibain eraman baitituzte aurrera.

Orain artean jasotako materialari buruz, «kalitatezkoa» dela eta ahozkotasuna, gertuko historia eta herrietako nortasuna islatzen dela azaldu dute. Behin muntaketa lanak amaituta, atalkako ekoizpenak gai bezainbeste saio -hamabost alegia- izango dituela eta horietako bakoitzak zazpi protagonista izango dituela aurreratu dute: «Adierazpenak tartekatu egingo ditugu, adibidez, saio batean Erratzuko adineko batek, Arrasateko beste batek eta Lekeitioko hirugarren batek hitz egingo dute kirolaz, euskara ezberdinak tartekatu eta, horrela, produktu aberatsa sortuz».

Emisioaren gainean, 2008an hastea espero da eta aipatu tako zazpi toki telebistek emango dute «Euskaldunak hizketan» saio sorta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo