GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Esan gabe doana

Lehertu da Pakistango krisia, eta baten batek txunditurik egon behar du abagune honetan Mendebaldeko agintarien lehentasunak nabarmentzen doazen heinean. Adibidez, harrigarri samarra gertatuko zitzaien batzuei zein epelki arbuiatu (?) duten Musharrafen autokolpe txingotea demokrazia «the silver bullet» mirarigilea dela deritzoten horiexek. Eta zein ganoragabe erreakzionatu (?) duten errepresioaren eta milaka atxiloketen aurrean. Ni ez nau batere harritu. Ez krisiak ezta ere haren aurrean zertzen ari diren jarrera geoestrategiko zikoitzak.

Eszenategia eta dramatis personae-a aski ezagunak dira edonorentzat: 1999ko urrian (Estatu Batuetan lehendakaria aldatu behar zuten hauteskundeetarako hamahiru hilabete falta zirenean) estatu kolpea eman eta botere politikoaz (ere) jabetu zen Musharrafek, zortzi urte beranduago (Estatu Batuetan lehendakaria aldatuko duten hauteskundeetarako hamabi hilabete falta direnean) kolpea berregin du, legeek ez herritarren oniritziak zilegitzen ez dion agintean jarraitzeko... Estatu Batuen eta Europaren laguntzarekin ez bada, berauen inhibizioarekin behintzat.

Dramaren korapiloa da orain, duela zortzi urte ez bezala, oposizio mugimendu zabala, orokorra esango nuke, ageri dela kalean Musharraf eta diktadura militarraren aurka. Bai partidu klasikoen eskutik, Benazir aurretik dutela; bai azken hamarkada honetan etengabe indartu diren alderdi islamisten aldetik, Korana eta sharia aldarri dituztela; eta baita ere, azkenik, legelari eta profesional liberalengandik, I. Chaudry epaile gorena ikurtzat dutela. Herrialdea zart egiteko zorian dago, eta kanpotik ez barnetik inork kontrola ezingo duen prozesua dirudi. Duela zortzi urte baino askoz okerrago, oldartuago dagoen eskualde batean.

Irtenbide desiragarria militarren burdinazko eskutik soilik etor daitekeela deritzotenak zein ugariak diren Mendebaldeko boteretsuen artean ohartzeko, egunotan geure inguruan irakurri eta entzun ahal izan direnak gogoratu besterik ez dago: «Armada da Pakistanen bizkarrezur bakarra»; «terrorismoaren aurkako gerran nahitaezko aliatua zaigu Musharraf«; «ustelkeriaren itzulera da Benazirrena»; eta horrela. Egungo anabasa, Afganistangoa barne, Pakistango militarrek ez beste inork sortua balitz bezala.

Esateke geratzen zaie halakoei, ordea, ia denek bene-benetan duten kezka: Pakistanek egun arma atomikoak dituela. Mendebaldeak oparituak, hitz lauz esateko. Beste kalkulu oker bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo