GARA > Idatzia > Editoriala

Ezberdintasunak, etxean zein lantoki ofizialetan

Gaur egun estatistika ezinbesteko tresna da. Boteredun erakunde orok berebiziko garrantzia ematen baitiote gizarte moderno eta globalizatu honetan gertatzen diren mugimendu guztiak neurtzeari. Jarduera ekonomikoa, bereziki, gero eta zorrotzagoak diren neurgailuen menpe dago. Une oro, agintariek zein adituek merkatuan gertatzen dena behatu eta hausnartu egiten dute, aldez aurretik hurrengo mugimendua zein izanen den asmatu nahian. Barne Produktu Gordinaren kalkuluaren bitartez, estatuek bere jarduera ekonomikoaren berri ematen dute, eta aipaturiko neurgailuak politika ezberdinetan izanen duen eragin handia aintzat hartuta, pentsatzekoa da aberastasun iturri guztiak ondo baino hobeto izango dituztela kontuan ditxosozko ehunekoa osatu arte.

Hala ere, kalkulagailua nolabait trukatuta omen dago, izan ere, gizaki guztiek beren zein ingurukoen ongizatea bermatzeko egiten duten ahalegin guztia ez da jarduera ekonomikoaren baitan neurtzen. Etxeko lanak, horren adibide. Hori ahazteak ondorio larriak ditu. Lehenengo eta behin, lan horrek urtero-urtero sortzen dituen 35.000 milio euro inguruko balioa alde batera uzten delako. Beste era batera esanda, Barne Produktu Gordinaren %30 eta %50a bitartean ez da kontatzen, baliogabetu egiten da.

Bigarren ondorio nagusia da etxeko zerbitzuak edo bestelako lan bolondresak egiten dituztenak ez direla gizartearen aurrean langile gisa agertzen. Hots, beren eguneroko eginkizunetan pairatzen dituzten egoerak ez dira inon ageri, ilunpean dira. Ez da harritzekoa, noski, gizartearen aurrean «baliorik gabeko» jarduera horretan soldatapean ari diren pertsonek, batik bat emakumeek, lan baldintza kaskarrak izatea.

Etxeko lanaren balio ekonomikoa kontuan hartu behar da, estatistiketan agertu behar da, behingoz gizartea ahalegin horretaz jabetu dadin. Lan izugarri horrek guztion ongizate maila hobetzen duela nabarmentzea premiazkoa da. Etxean ez ezik lantoki ofizialetan ere berdintasuna lortzeko bidean langile eta lan mota ororen balorazioa bermatzea ezinbestekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo