GARA > Idatzia > Kultura

Gaztetxeko liburutegia, eztabaida eta topagune ateak berriro ere zabalik

DVDak, bideoak, fantzineak, liburuak eta kolektibo ezberdinen material oparoa, besteak beste, eskaintzen ditu Gasteizko Gaztetxeko liburutegiak ateak zabalik. Muinoko txoko honetan ordea, ez da gainontzeko liburutegietan dagoen ohiko materiala aurkituko; bertako gaiek gorputzaz gain arima ere badutelako, pentsarazi egiten duten horietakoak, alegia.

p051_f01.jpg

Josune VELEZ DE MENDIZABAL

Ezin gehiago itxaron eta txukuntze eta antolatze lanak oraindik erabat bukatutzat eman ez baditu ere, Gazte Asanbladak Gaztetxeko liburutegia berrinauguratu berri du. Alde Zaharreko etxe okupatuak literaturari eskaintzen dion txokoa berria ez den arren, gazteak oraingo txanpa honetan kutsu sendoago batekin berpizteko apustuaren alde ari dira. «Etxean bakarrik egin daitekeena hemen topaleku bilakatzen da; besteak beste, literatura eta bideoak, trukatzeko eta konpartitzeko txokoa da hau», nabarmendu dute arduradunek.

Modulo 4, Herrera de la Mancha

«Duela hamar bat urtetik dago liburutegia Gaztetxean», azaldu dute kideek. Horregatik hain zuzen ere, azken urteko etena dela-eta, eta zenbait erabiltzailek topagune honen falta zuela-eta, gazteek zerbitzua lehenbailehen martxan jartzea erabaki dute.

Material oparoa aurki daiteke bertan. «Eta oraindik ere ganbaran duguna!», zehaztu dute. Gainontzeko liburutegiekin alderatuz gero honakoa onartzen dute gazteek: «Lehenik eta behin, bertan ez dago funtzionariorik. Gune honetaz arduratzen dena jende gaztea da. Bestetik, bertan dagoen materiala ezberdina izan dadin saiatzen gara. Akaso, eleberriei dagokienez ez dago hainbesteko ezberdintasunik, baina bai ordea, aspaldiko aldizkarietan, kolektibo ezberdinen inguruko informazio anitzean, fantzinetan, gaztetxea okupatu zeneko esku orriak eta argazki mordoak... baita Herrera de la Mancha kartzelatik garai batean ekarritako argitalpenak ere!». Liburuetan itsatsita dagoen pegatinan egun oraindik «Modulo 4» irakur daiteke. Donazioak ere ongietorriak izan dira urteetan.

Liburutegia astean hiru egunetan irekitzen da. Asteazkenetan goizez (11.00etatik 14.00etara) eta ostegun eta ostiraletan berriz, arratsaldez (17.00etatik 20.00etara). Bertako materiala berezi egiten duen beste ezaugarri bat «kutsu politiko eta sozialaz» ziprizdindutako argitalpen eta ikusentzunezkoak izatea da, hain justu ere.

Gauzak horrela, eta Gaztetxea gune aldarrikatzaile eta aktiboa delarik, txokoari bestelako mugimendua eskaini nahi izan dio Gazte Asanbladak. «Gaztetxearen inguruan beti egon da kolektibo askoren mugimendu handia, eta ekintzak antolatu izan dituzte. Honetaz gain, guk ere, Gaztetxe moduan, egitarau bat osatu nahi genuen, eta, horregatik liburutegiaren txoko hau erabiliko dugu aurrerantzean asanbladetan lantzen diren gaiak eta kezkak plazaratzeko», aitortu zuten antolakuntzako kideek.

Feminismoa Eztabaidagai

Ondorioz, igandean feminismoa eta artea uztartzen duen filma proiektatuko du Gaztetxeak. «Nik tiro egin nion Andy Warholi» filma abiapuntu hartuta, femenismo erradikalaren nondik norakoak mintzagai izango dira, bai testuinguru politikoan bai artistikoan. «Eztabaidak dinamizatzailerik ez duela behar pentsatzen dugu, filmak berak markatuko baitu», dio.

Mary Harron zuzendariak 1996. urtean zinema pantailetara eraman zuen Valerie Solanas artistak 1968.an Andy Warholi eginiko erasoa. Feminista erradikaltzat hartua, Valerie SCUM manifestuaren sortzailea izan zen, gizonaren kontra sutsuki egiten duen manifestua. Solanasek artelan bat ekoiztu ziezaion eskatu zion behin Warhol famatuari. Pop-artearen aitaren interes falta ikusita, Valerie Warholek New Yorken zuen arte estudioraino joan eta tiro egin zion. Warholek behin esana, «norbanako bakoitzak 5 minutuko ospea, bizitzan behin bada ere, izan behar dugu». Solanasek berea izan zuen hortaz.

Fitxa

Ekintza: «Nik tiro egin nion Any Warholi» filma (erdaraz); ostean SCUM manifestuaren inguruko eztabaida.

Noiz: Igandean 18.00etan Gasteizko Gaztetxean

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo