GARA > Idatzia > Pilota

Lau eta Erdia

Abel Barriola finalean da partidarik onenean onena izan ondoren

Lehia ikusgarria ikusi ahal izan zen atzo Donostiako Atano III frontoian, egundoko maila erakutsi baitzuten bai Leitzakoak bai eta Aimar Olaizolak ere. Finalerako bigarren txartela Titinen eta Goizuetako aurrelariaren arteko norgehiagokako irabazleak eskuratuko du.

p047_f01_148x196.jpg

OLAIZOLA II 18

BARRIOLA   22

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Abel Barriolak eta Aimar Olaizolak partida bikaina jokatu zuten atzo Atano III pilotalekuan, aurtengo Lau eta Erdiko txapelketako norgehiagokarik onena, hain zuzen ere. Garaipena eta finalerako lehen txartela Leitzako atzelariak eskuratu zuen, lehia estu eta dotore baten ondoren.

Bi pilotariek jokoan hamahiru tanto egin zituzten eta sakez, lau. Aldea galdutako pilotetan egon zen: Barriolak bost galdu zituen; Olaizolak, aldiz, bederatzi. Goizuetakoak normalean ez ditu hainbeste pilota galtzen, baina atzoko partidan ulertzekoa da akatsak egin izana. Izan ere, erritmoa izugarri altua izan zen eta egun izan dezakeen aurkaririk indartsuena izan zuen aurrean.

Eta hori gorria oso ondo hasi zela, duela hilabete batzuk frontoi berean eta aurkari berarekin jokatutako buruz-buruko finalean bezala. 7-2 jarri zen aurretik, Barriola ezin hobeto mugituz. Dena kontrolpean zuen Olaizolak, pilota bat kanpora bota zuen arte, dena alde zuenean. Bere bigarren akatsa izan zen, 4-2an pasa egin baitzuen.

7-3koarekin Barriola gora etorri zen, eta nola gainera. 0-7 partziala egin, eta 7-9 jarri zen aurretik, Goizuetakoaren beste hiru akats zirela medio.

Hortik aurrera, bataren zein bestearen akatsek, eta ordura arte izandako pilotakada dotoreen ostean tanto ikusgarriek hartu zuten lekua. 9-9 eta 11-12koan, esaterako, txokoan eta zabalean ederki amaitu zuen gorriak. Olaizolak hiru tanto jarraian egin zituen ondoren; 12-13koa, txokoan utzitako dejada batekin; 13-13koa, zabalean amaitutako bolea batekin; eta 14-13koa, beste bolea batekin, baina oraingoan txokoan.

Norgehiagoka, pil-pilean

Baina Barriola ez zen atzean geratu. 14-14koa, partidako bosgarren eta azken berdinketa, neurtutako bi pareta batekin igo zuen markagailura, eskapada batera oso behartuta iritsi ondoren. Norgehiagoka pil-pilean zegoenean, gainera, eskuek ez zioten dardararik egin. Airez utzitako dejada bat eta txokora bidalitako pilota batekin, horma bikoarekin mehatxatu eta gero, 17-19 eta 17-20koa jarri zituen.

Partida ez zegoen erabakita, edozer gauza gerta baizitekeen oraindik, baina ez zen itzulipurdirik egon eta Leitzakoak finalerako lehen txartela eskuratu zuen, merezita. Bigarrena Aimar Olaizolaren eta Titinen arteko norgehiagokako irabazleak lortuko du, final-erdiko kanporaketa hutsa bailitzan.

 

«Bosgarrena izango da, baina lautik hiru final galdu ditut»

Abel Barriolak oso pozik amaitu zuen norgehiagoka, Aimar Olaizolari buruz-buru bigarren aldiz irabazi baitzion. Lehenengo garaipena joan den urtean erdietsi zuen, Lau eta Erdiko final-erdietako ligaxkan ere.

Titinen aurka lortutako emaitza bera errepikatu eta ligaxkako bigarren garaipena lortuta, Leitzako atzelariak finalerako txartela lortu zuen atzo Donostian. «Oso zaila da Aimarri irabaztea. Gehienetan berak irabazi dit, baina gaur niri tokatu zait», azaldu zuen, eta beste final batean sartzeagatik pozik agertu zen. Dena dela, arantza bat omen du kentzeko. «Lau eta Erdiko bosgarren finala izango dut, baina lautik hiru galdu ditut», ekarri zuen gogora. Ligaxkan «maila ikaragarrizko bi pilotari»-ri gailendu zaiela eta txapelketa bat sufritu gabe ez dela irabazten nabarmendu zuen ondoren, atzo eta joan den astean asko sufritu zuela aitortu baitzuen.

Aimar Olaizolak, berriz, hasierako tantoetan bakarrik aritu zela gustura adierazi zuen. «Hasieran ondo ibili naiz. Baina gero, eskuinez bi pasa egin eta gero, beldurrez aritu naiz», esan zuen. «Prezipitatuegi aritu naiz eta normalean baino akats gehiago egin ditut», aitortu zuen Goizuetakoak.

Hala eta guztiz ere, finalean sartzeko aukera begi aurrean duela azpimarratu zuen. «Horixe da inportanteena. Neure esku dago», aipatu zuen pilotariak. Partida erabakiorrean aurkari izango duen pilotariari buruz hitz egin zuen ondoren. «Titin oso ondo ikusten dut. Galdu zuen lehenengo norgehiagokan, oso partida handia egin zuen. Larunbatean ere oso ondo jokatu zuen», erantsi zuen.

A.S.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo