GARA > Idatzia > Euskal Herria

Andoni Altzaren askatasuna eskatu dute Burgosko espetxearen aurrean

GARA | BILBO

Andoni Altza Hernandez euskal preso politikoak askatasunean egon beharko lukeela aldarrikatu zuten joan den igandean Burgosko espetxearen aurrean.

Errepresaliatu oreretarrak kalean egon beharko luke 2006ko azaroaren 9tik, izan ere, zegokion espetxe zigor osoa betea baitu Espainiako Justizia Ministerioak ezarritako 1973ko Zigor Kodearen arabera. 16 urte eman ditu espetxean, eta beste 11 urte beteak ditu egonaldian onurak lortzeagatik. Baina 2006ko otsailean Auzitegi Gorenak beste 12 urtez luzatu zion zigorra 197/06 doktrina aplikatuta.

Horregatik, Oreretako 40 bat lagun Burgosko espetxe aurrean izan ziren eta haren askatasuna eskatu zuten musika, txalaparta eta suziriz lagundurik. Altzarekin eta kartzela berean dauden euskal presoekin ere hitz egin zuten, eta adierazi zuten oso animatuta egon zela, eta eskerrak eman zizkiela herrikideei.

Igande honetan, berriz, mendi ibilaldia egingo dute «Andoni askatu!» lelotzat hartuta. Azaldu zutenez, Urdaburura igoko dira euskal preso politikoaren askatasuna eskatzera. Hitzordua goizeko 8.00etarako jarrita dago Oreretako Foru plazan, eta 9.30etan Listorretik abiatuko direla adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo