GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Kateatze berriak

Zailtasuna goitik gogor indartuta

Patxi Usobiagak, Iker Pouk eta David Gambusek 8c+ graduko hainbat bide kateatu dituzte Euskal Herriko zenbait eskoletan. Itziar Rodriguezek, berriz, bere lehenbiziko 8b gradukoa sinatu du.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Euskal Herriko kirol eskaladako espezialista batzuk azkenaldiotan gogor jardun dira hemengo eskoletan. Gaurko protagonistak, gizonezkoak bederen, badirudi ados jarri direla kateatutako bideetan zenbaki eta letra berdina jartzeko: 8c+. Horietako batzuk, gainera, proposamen berriak dira. Neskei dagokienez, badira jardun gogorretan murgildu direnak ere, eta oraingo honetan 8b graduan sartu denik bada.

Kateatzeen kronikarekin hasteko, arrokan eskalatzeko ia denborarik izan ez duen eskalatzaile bat dakarkizuegu. Patxi Usobiaga ez dugu goi mailako kateatzeetan ikusteko aukerarik izan ia, baina, haatik, horretarako atera duen tarte apurra ondo baino hobeto aprobetxatu du. Joan zen igandean, adibidez, beste 8b+ bat poltsikoratu du lehenengo begiradan: Rage the Antonio machine. Nahiz eta estilo horretan goitik jo, Usobiagak gradu horretako makina bat bide egin ditu. Azken hau, adibidez, duela denbora asko entzun ez dugun eskola arabar batean erdietsi du: Kanpezun (El Convento).

Eta Arabatik Bizkaira; izan ere, gipuzkoarra Baltzolan bide batzuen loturak egiten ibili da. Batetik, proposamen berri bat, Obaba (8c+), errepikatu du. Eskalatzailearen hitzetan, 8c gogorra izan daiteke: «Guenga bezala, 8c gogorra dela iruditzen zait; iritzi bat besterik ez da. Obaba egin ondoren, Guenga bidea egin, bere katean ez nintzen gelditu eta haitzuloaren irteerara eskalatzen jarraitzea otu zitzaidan. Amaiera, berriz, Sanson jun zan bidearen katean egin nuen. Horrela bada, erresistentzia puntu gehigarri bat eman nahi izan diot, eta hori guztia 8c+ izan daiteke». Hurrengoan ere beste nahasketa bat egin zuen. Topofurer bidean hasi, Sanson jun zan-etik pasatu eta Chambao-n barrena amaitu: «Gutxi gorabehera lotura horien guztien emaitza 8c+ izan daiteke».

Eta Baltzolatik irten gabe, Obaba aipatu dugunez, aurreratu behar dugu David Gambusek, bidearen hainbat sika kendu ondoren, 8c+ zailtasunean utzi duela. «Lehenik eta behin, Obaba (8c) zabaldu zen bezala eskalatu nuen. Baina hau egin ondoren, bidearen tresnatzaile den Iñaki Marcok eta biok hiru sika kendu genizkion. Bost saio egin ondoren, bidea egin nuen eta uste dut 8c+ izan daitekeela. Gainera, naturalagoa geratzen da», adierazi du Gambusek. Horrez gainera, lau 8b bigarren saioan lortu ditu: Sugoi (Baltzola), Overcraft (Santa Ana), Gaur zortzi (Mugarra) eta La ruta del sol (Santa Linya).

8b Rodriguezentzat

Iker Pou dugu 8c+ zailtasunetik jaitsi ez den beste euskal eskalatzaile bat. Usobiaga bezala, gasteiztarra ere Kanpezu aldean ibili da. Eta handik proposamen gogor berri bat egin du. Bideak Eutsi gogor izena du, 20 metrokoa da eta Andoni Perezek zabaldu zuen duela urte mordoa. Azkenean, Pou izan da bidea egin duen lehenengo eskalatzailea, eta 8c+ proposatu du: «Indar-erresistentziako marra honen pauso gogorrena oso luzea da».

Araotzen, bestalde, arabarrak aukera izan du Honky mix (8c+) igotzeko; Baltzolan, berriz, Nuska bidearen (8c/+) hirugarrena sinatu du. Beste kateatze batzuk: Borroka da bide bakarra (8c, Eulate), Baikor (8b+, Egino) eta Geminis (8b+ Pourentzat, Rodellar).

Eta kateatzeen kronikarekin amaitzeko, azkenaldiotan nabarmentzen ari den neska baten jarduna aipatuko dugu: Itziar Rodriguez dugu protagonista. Hasteko eta behin, bere kateatze gogorrenaren berri emango dugu. Baltzolan dagoen Ongi etorri bidea poltsikoratu ondoren, Artzeniegako eskalatzaile hau 8b graduan sartu da. Hilaren 7an erdietsi zuen.

Hogeita sei urteko eskalatzaile hau progresio ederra izaten ari da urte honetan zehar. Gena de Cartagena (Araotz), Argo (Rodellar) eta Nadin al Jucar (Oro), hirurak ala hirurak 8a zailtasunekoak, igo ditu. Koska bat gorago: Topofurer askatu (8a+, Baltzola). Eta duela aste batzuk Sindrome de Apellaniz (8a+/b, Apiñaniz) sinatu zuen; ordura arte bere kateatze gogorrena. Baina, esan dugun bezala, hilaren 7an eskuratu zuen bere igoera adierazgarriena, 8b graduan sartu duena, Ongi etorri (8b).

gradu berdina

Gaurko protagonistak, gizonezkoak bederen, badirudi ados jarri direla kateatutako bideetan zenbaki eta letra berdina jartzeko: 8c+. Horietako batzuk, gainera, proposamen berriak dira

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo