GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fiskalak «Egunkaria»ko diru auzian inhibitzeko eskatu dio ANri

``Egunkaria''ren aurkako auzi ekonomikoan, auzitan dauden ustezko delituak arruntak direla ulertuta, Auztitegi Nazional espainolari inhibitzeko eskaria egin diote bai Fiskaltzak, bai defentsako abokatuek ere.

GARA |

``Egunkaria»ren aurkako auzi ekonomikoan inhibitzeko eskatu dio Fiskaltzak Auzitegi Nazional espainolari. Miguel Angel Carballo fiskalaren aburuz, auzitan daudenak ustezko delitu ekonomiko arruntak dira eta hortaz, auzitegi arrunt batek ikertu beharko lituzkeela deritzo. Haren irudiko, gainera, ikertzen ari diren gertaerek ez dute «terrorismo delituekin» inolako zerikusirik.

Sumario nagusiaren abiapuntuan xedea ``Egunkaria''k «ETA finantzatzeko enpresa sarean parte hartzen ote zuen argitzea» zela aipatu zuen Carballok. Alta, ikertzaileek gerora helburua aldatu eta «Egunkaria SA eta Egunkaria kazeta ETAk bere helburuak betetzeko bere esku zituen tresnak» ziren argitzea bilakatu zen ikerketaren xedea. Horiek horrela, «terrorismoa finantzatzeko tresna» izan zitekeela baztertuta, fiskalaren iritziz, «zentzurik ez dauka» orain ikertzen ari diren delitu ekonomikoak Auzitegi Nazionalean aztertzea.

Dei helegitearen bidez egin dio eskaera Fiskaltzak Auzitegi Nazionaleko Zigor Salari; leporatzen diren delituak epaitegi berezi horren eskumenekoak ez direla dio aurkeztutako idatziak. Gainera, auzia Donostiako Instrukzio Epaitegiak har dezan eskatzen du.

Joxe Mari Elosua eta Iñigo Iruin defentsa abokatuek ere inhibitzeko eskatu diote Auzitegi Nazional espainolari eta auzia Tolosako Epaitegiaren esku gera dadila galdegin dute. Iragan den urriaren 22an aurkeztu zuten idatzian halaber, auzian gertatu ziren hainbat irregulartasun nabarmentzen dituzte abokatuek.

``Egunkaria''ren kontrako auzi ekonomikoan zortzi lagun daude inputatuta. Dignidad y Justicia elkarteak, 21 eta 32 milioi euro bitarteko isunez gain, 13 eta 26 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haientzat.

Inputatuei egozten zaizkien akusazioak honakoak dira: kontabilitatea faltsutzea, diru laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak faltsutzea eta zerga iruzurra egitea.

``Egunkaria''ko sumario nagusian, aldiz, zazpi dira auzipetutako pertsonak, eta 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu ditu akusazio berak, euskarazko kazetan egin zuten lanagatik «ETAko kide izatea leporatuta». Alta, hiru inputatu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi, bi auzietan dira inputatuak aldi berean.

Orotara, beraz, 12 dira ``Egunkaria''ren aurkako bi auzietan dauden auzipetuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo