AHTren kontrako protesta izanen da bihar Biarritzen, Foro Logistiko Atlantikoan
Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak eta AHT Gelditu! Elkarlanak protesta-elkarretaratzea prestatu dute biharko Biarritzen, EAEko lehendakaria eta Akitaniako presidentea bilduko baitira Foro Logistiko Atlantikoan.
GARA |
Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa berehala gelditzeko; trenbide sare horri buruzko eta izanen lituzkeen ondorio ekologiko, sozial eta ekonomikoen inguruko egiazko informazio objetiboa zabaltzeko; eta garraioaren, lurralde antolaketaren eta gizarte ereduaren gaineko eztabaida sozial sakonari bide emateko. Horiexek dira AHTren proiektuaren erantzule diren instituzio eta alderdiei eginen dizkieten eskaerak. Bihar goizeko hamar eta erdietan jarri dute AHT Gelditu! Elkarlanak eta Ipar Euskal Herriko LABek protesta-elkarretaratzerako hitzordua, Biarritzeko Centre Bellevue aretoaren atarian, bertan egitekoa baita Foro Logistiko Atlantikoa. EAEko lehendakari Juan Jose Ibarretxe eta Akitaniako presidente Alain Rousset elkartuko dira, eta bilera hori baliatuko dute AHTren aurkakoek azpiegitura handia gaitzesteko.
Galdeketarako asmoa, Elorrion
Bertzalde, egun berean, Elorrioko Gobernu taldeak trenbide sare horri buruzko herri galdeketa egitea proposatuko du batzarrean. EAE-ANVko alkate Niko Morenok adierazi duenez, herritarrek zein iritzi duten jakitea da helburua.
Bilera arratsaldeko zazpietarako dago iragarrita eta, eguneko bertze gaien artean, kontsulta egiteari buruz ere mintzatuko dira. Morenok akordioa lortzeko konfiantza daukala azaldu du; kontsulta sustatzeko eta bizilagunek herrian «Euskal Y» proiektua egitea nahi duten ala ez jakiteko esperantza du.
EAE-ANVk bertze Udal talde baten babesa beharko luke proposamena onartzeko. Zehazki, bere alderdiaren botoez gain, bertze bat gehiago beharko luke egitasmoa gauzatzeko. Joan den urriaren 18an Elorrioko Herritarren Aukerako ordezkariaren aldeko botoa jaso zuen mozio bat onartzeko. Mozio horretan Udalak konpromisoa hartu zuen bere eskura dauden tresna administratiboak erabiltzeko udalerrian «Euskal Y» proiektua gelditzen saiatzeko. Gainera, Elorrioko bizilagunek iritzia azaltzeko eta erabakitzeko duten eskubidea babesteko ardura hartu zuen. EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten orduan.
Ezker Batua-Berdeak taldeak Bilboko egoitzako pertsianan egin dizkioten pintadak kritikatu zituen atzo, eta alderdi politikoak Abiadura Handiko Trenaren obren kontrako erasoak gaitzesten ez dituztenekin batera mobilizaziorik ez egiteko hartu duen konpromisoarekin lotu zuen ekintza hori. «Eusko Jaurlaritza txikitzaile. AHT ez eta kitto. EB hipokritak», erraten du pintadak.
Agintariek Euskal Herrian egiteko asmoa duten trenbide sarearen aurkako kritika eta oposizioa egitea «legitimoa» dela aldarrikatu zuten Ezker Batua-Berdeak taldeko bozeramaileek, baina zehaztapen bat egin zuten jarraian. Azpiegituraren gaitzespena «modu baketsu eta demokratikoan soilik» adierazi behar dela ohartarazi zuten, eta ez obren kontrako erasoak eginez.
Zentzu horretan, «errespetua» eskatu zieten Bizkaiko hiriburuko egoitzako pertsiana AHTren eta EBren kontrako mezuekin margotu dutenei eta horretarako «animoak eman dizkieten pertsonei». «ETAren indarkeria eta mehatxatzeko eta xantaia egiteko kanpainak inolako aringarririk gabe kondenatzen eta gaitzesten dituzten herritar euskaldunen borondatea errespetatzeko exijitzen diegu», adierazi zuten.