Laudioko Harana Nazioarteko Krosa
Afrikako atleten apustua berretsi du antolakuntzak
Munduko onenetarikoak lehiatuko dira igandean emakumeen eta gizonen elite mailako lasterketetan; zaleek gozatzeko aukera izango dute berriro ere
Unai IRARAGORRI | LAUDIO
Afrikako atletak izango dira berriro ere protagonista nagusiak igandean Laudion izango den Nazioarteko Krosean. Laudioko Atletismo Klubak antolatu du, eta aurten ere bere eskutik Ellakuriako zelaietan munduko atletarik onenetarikoak arituko dira lehian. Hortaz, Etipoiakoak, Kenyakoak, Eritreakoak edo Ugandakoak ikuskizuna emateko prest izango dira.
Lasterketak IAAF maila gorena aurten galdu izanari, antolakuntzak ez dio «garrantzi handiegirik» eman. Hain zuzen, beti bezala, «apustu argia» egin du 24. ekitaldian ere goi mailari eusteko, antolakuntzaren bozeramaile Javier Apariciok atzoko aurkezpenean azaldu zuenez.
Emakumeei dagokienez, iazko lehia errepikatuko dute Etiopiako Melkamu, Kenyako Cheuriyot eta Hungariako Kalovics atletek; izan ere, hirurek zapaldu zuten podiuma iaz. Bestetik, Kalovicsek garaipena erdietsi zuen 2005. urtean, baita probaren kartelaren irudia bereganatu ere. Azkenik, Sultan (Eritrea) eta Ayelew (Etiopia) dira nabarmentzekoak. Euskaldunei dagokienez, Petite lehiatuko da.
Gizonezkoen mailan, berriz, ez da Bekele arituko, azken bi urteetako garaile ospetsua; baina, halere, partaidetza goi mailakoa izango da. Guztira, bederatzi afrikar arituko dira Ugandako Kipsiro (brontzea erdietsi zuen Osakako Mundialetan 5000 metrotan); Kenyako Kogo, Macharinyang, Ebuya eta Sigei; Eritreako Abdallah eta Tadesse (munduko txapeldunaren anaia); eta Marokoko Chatt.
Estatu espainoletik, Lamdassen eta Blanco dira izenik nabarmenak; Ziani oriotarra ere han izango da Behobian bigarren sailkatu ostean. De la Ossari, ordea, ebakuntza egin zioten uztailean, eta oraindik ez da prest kroserako. Afrikakoen nagusitasuna begi bistakoa da, 1997. urtetik jantzi baitute txapela.
«Lurra, zelaia eta lokatza»
Ibilbidea betikoa da, «zailtasunez betea, lurra, zelaia eta aldapak ditu, eta, askotan, lokatza», aurreratu zuen Apariciok. Hurrengo urtean, ordea, pista berrituko dute eta aldaketak egin beharko dituzte ohiko ibilbidean. Goizeko 9.45etik aurreralehiatuko dira beste mailak .
ETBk ez du lasterketa zuzenean emango; Lau eta Erdiko pilota partidaren ostera atzeratu dute. Edonola ere, Teledeportek zuzenean eman lezake.
Laudioko Klubak 108.000 euroko aurrekontua aurkeztu zuen; ezaugarriak www.crossllodio.com web orrialdean ezagutzeko aukera dute zaleek.