GARA > Idatzia > Editoriala

Araba, akordioa joko zelai arriskugarrian

Arabako Aldundiak eta Udalak badute aurrekontu proiektua, EAJk eta PSEk adostua. Bi alderdiek elkarren botoen beharra baitzuten bi instituzioetan; hala ere, adostutakoa ez zen aukera bakarra, bestelako batuketa batean aurreko legegintzaldian bezala PP sartu balitz . Nolanahi ere, bi alderdi horiek atzo aurkeztu zuten akordioa ez da ustegabekoa izan; izan ere, EAJk Madrilen PSOEren aurrekontuei emandako sostenguak, edo gutxienik Arabako instituzioetarako akordioak, akordio horren atzetik zebiltzala iragartzen zuen; ez baitago batere argi Madrilgo Gobernuaren aurrekontuei emandako sostenguak berekin ordainik zekarrenik. Baina PSOE akordiorako prest zegoen, atzo ikusi zen bezala, arabarren dirua kudeatzeko akordiorako prest, alegia, berak sustatutako ilegalizazioen ondorioz zenbait batzarkide falta dituen agertokian.

Izan ere, herenegun Arabako Biltzar Nagusietan PSEk PPrekin batera Ibarretxek iragarritako kontsultaren aurkako proposamena onartu izana argigarria izan zen; Madrilgo Gobernuaren akordio asmoa norainokoa den erakusgarri, nahikoa argi ez balego bezala. PSOEk eskaintzen duen joko zelaia zedarrituta dago, eta kudeaketa kontuetan negoziatzeko agertu duen borondaterik ez dauka joko zelai horren mugak adosteko. EAJk zelai horretan jokatzera behartuta ikusten du bere burua, nahiz eta horrek ez dirudien oso bateragarria alderdi horrek herri honen gaitz guztien konponbide gisa nahi duen hitzarmen politikoarekin, Estatuarekiko hitzarmena, hain zuzen. Edo bestela esanda, hitzarmen hori PSOEk zedarritutako jokalekuan norainokoa izan nahi duen irudika genezake. Bestalde, EAJk indarreko marko politikoari eustea beste emaitzik eskaintzen ez duen jokoan parte hartuko ote duen ikusteko dago; baina iraganera begiratuta, zalantzarik gabe hartarako gai da.

Honek guztiak hausnarketa batera garamatza: diru kudeaketari dagokionez, makineria instituzionala hain erraz ibilarazteko gai diren horiek, arlo politikoan moteltzen eta herdoiltzen direla ikusteak ez dituela kezkatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo