GARA > Idatzia > Gaurkoa

Joseba Félix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Politika fiskal berrirako sarrera

Hudson ekonomialariaren iritziz, AEBetako banku zentrala, Federal Reserve alegia, indargabetu egin behar da, berak gobernuaren aurka, helburu finantzarioen alde lan egiten baitu. Hudsonen ustez, merkatu librearen ikuskera ideologikoa da, eta merkatu askeko ekonomia hutsak ez du inoiz funtzionatu historian barna. Ekonomialari amerikarrak dioenez, merkatu libreko modelo ekonomikoa martxan jartzeak plangintza ekonomikoa interes finantzarioen esku uztea esan nahi du, eta horrek azkenik gaur egunean ezagutzen den zorretan oinarritutako sistema monetariora eraman.

Antzinate klasikoan egin zen moduan, gizarte baten klase sozial aberatsenari ezarri beharko zaizkio oinarrizko zergak. Baina klase bat zenbat eta aberatsagoa izan, hainbat eta gehiago borrokatzen da bere botere ekonomikoa botere politiko bilakatzeko, gobernua bera «merkatu espazioan» sartuta. Horrela, jabetza eta finantza sektoreak borrokatzen aritu dira zerga-obligazioak baztertzeko - zerga horiek soldatapekoei, industriari eta nekazaritzari ezartzeko-. Ondorioa hauxe da: bizitza-maila jaitsi egin da, eta barneko merkatua ito, ekonomiaren produktibitatea eta nazioarteko lehiakortasuna areagotzeko gastu publikoko hazkundea gutxituta. Hitz batean, AEBetako ekonomia (eta nonahikoa) finantza sektore erasotzaile berri batek bizkarroi bilakatu du. Aspaldiko zerga sistema, etika ekonomiko arrunta zena, orain erabat erradikala iruditzen zaie aberatsenei. Baina aspaldiko sistema horrek, logika ederra izanik, zerga erreformako plan aurrerakoi baten giltza ematen du.

Akzio, bono eta higiezin errealen prezioak altxatuz, norberaren aberastasuna gehitzea, kopuru baliokidea irabaztea eta berori aurreztea lortzen da. Baina sektore finantzarioak beren ustekabeko (windfall) irabazien gaineko zergak jaisteko borrokatu dira. Irabazi horiek dira espekulatzaileek eta populazioaren goi mailakoek (%10ek) bereganatzen dituzten etekinak; eta hori eta alokairu eta mozkin industrial gisa «irabazitako» errentak desberdinak dira.

AEBetan, eta Alan Greespan-en aldian, era produktibo batez irabazitako alokairuak eta industri mozkinak soilik zergapetu nahi zituzten, ez aldiz, higiezin erreal, aktibo eta bonoetarako aktibo-prezioko inflazioak, Greenspan-en aroa karakterizatzen duen ekonomiaren ustekabeko «bazka librea». Azkenean, AEBetan kapital irabaziak alokairuak eta mozkin industrialak zergapetzen direneko mailaren erdian zergapetu dira. Aitzakia hauxe zen: kapital inbertsioa areagotzea, hots, errekurtso erabat erretorikoa. Azken nahia are bitxiagoa izan da, alegia, babes-fondoko kudeatzaileak errenta-zergak ordaintzetik askatzea: beraiek espekulatzaileei, minutu eta askotan segundo batzuk soilik irauten dituzten ordenagailu-trukeen bidez beren dirua kudeatzeko, kobratu dizkieten hamaika milioi dolarren gaineko zergak ez ordaintzea.

Produkzio-medio ukigarria den kapitalak eta aipatu berri dugun «kapitalak» izena besterik ez daukate komunean. Izan ere, titulu finantzarioetan epe (oso) laburreko trukeak -banku-maileguak, akzioak, eta bonoak, aberastasunaren gaineko eskaerak direnak, ez Adam Smith-ek «The Wealth of Nations» liburuan deskribaturiko kapitala- gaur egungo zabor-ekonomiaren helmuga bilakatu dira. Aberatsenek klase-borroka bera negozioetara eraman dute, ekonomiaren fikziozko irudiak nola funtzionatzen duen hedatuz. Populazioaren %10ek kapital irabazien gehiengoa biltzen dute. Aberatsak ez direnek, beren errenta irabazi behar dutenek, aktibo-prezioko inflazioaren bidez ustegabeko bazka librea bereganatzen ez dutenek, zerga handiagoak ordaindu behar dituzte. (AEBetan bi bider gehiago aberatsek ordaintzen dutena baino.)

AEBetan, eta oro har, gizarte aurreratu guztietan, aberatsak gogor borrokatu dira eta gaurko lobby neoliberalak babestu, ekonomialari politiko liberal klasikoek garatutako logika zulatzeko. Helburua AEBetako ekonomia (eta oro har, gizarte aurreratuetako ekonomiak) esklabutza-bidean jartzea izan da (zor-peoitza feudala irudikatzen duen ekonomia-mota). Ekonomia subprime sektore bilakatu da, hain zorpetua izanik, ezen superabit ekonomiko orain zor-zerbitzua ordaintzeko erabiltzen baita (aspaldian, aldiz, bizitza-maila igotzeko erabili ziren superabitak). Ekonomiaren sektore handiak defizitean erortzen hasi dira, eta «ekitate negatiboko» gizartea sortu dute.

Hala ere, zergapetze aurrerakoia jarri daiteke martxan berriz. 1990eko hamarkadan ezagutu den aro atzerakoiaren segida gisa, beste aro berri bat ezagut daiteke.

Jakina denez, ekonomia guztiak planifikatuta daude. Kontua da ea nork planifikatzen duen eta zein den haren helburua. Eufemismoa da ekonomiak pribatizatzeko joera, gaurko planifikazioa sektore finantzarioak gauzatzen baitu. Ondorioa ezaguna dugu: zor-sormenak dakarren higiezin errealeko eta burtsako prezioak puztea, zor-poluzioaren antzeko bat sortuz, zeinak interes eta amortizazio ordainketak uzten baititu, ordainketa guztiak finantzaren aldeko zerga-sistemak diruz lagunduta.

Pribatizatzaileek arlo publikoa eta haren fluxua bereganatu nahi dute. Ekonomia moderno guztietan, azpiegitura publikoak eta enpresa publikoak kapital inbertsiorik handienak izan dira, harik eta 1980an aktibo horiek klase-gerra berri batean erabiltzen hasi ziren arte. Programa fiskal egoki batek errenta ekonomikoa (hots, kosturik gabeko errentaren bazka librea) arlo publikoari eutsi behar dio zergak gutxitzeko.

Merkatu libreko ekonomian gobernuak askatasunean arlo publikoa interes bereziei ematen die, segurtasun soziala, osasungintza eta beste zerbitzu publiko batzuk libre ez diren bitartean. Programa horiek gobernuaren aurrekontuen bitartez ordaindu barik, erabilera-kuotakoak balira bezala aurkeztu nahi dira (AEBetan aurkeztu dira), populazioaren oinarriko %90ek ordaindua, populazioaren gailurreko %10i zerga-errentak gutxituz. Soldatapeko askok orain gehiago ordaintzen dute gizarte segurantzan eta osasungintzan zergetan baino. Horrek ohiko filosofia fiskala hankaz gora jarri du.

Azpiegitura nazionaleko zerbitzuak eta ongizate ekonomikoa bultzatu barik, gobernuek interes bereziei egun lur nazionalen, mineralen eta oihanen eskubideen erabilera birtualki librea hornitzen die. Halaber, gobernuek autobide publikoak eta beste garraio-bideak eraikitzen dituzte, pribatizatuta jabeturiko higiezin errealeko orubeen balioa areagotzeko. Horrek sortzen duen balio erantsia bereganatu barik, gobernuak jabetza eta aberastasun zergak gutxiagotu ditu nabarmen, kostua kontsumitzaileengan jarriz, eta ez onuradun zuzenengan. Gobernuak finantza-fidantza banku-gizonei eta finantza-erakundeei ematen dizkie, ez zordunei. Interes bereziei emandako opari horiek ekonomia osorako handituz doan zerga-kostu batekin datoz. Gauzak txartzearren, gobernuak finantza-sektoretik eta biztanle aberatsengandik (populazioaren %10) dirua maileguz hartzen du, alegia, aspaldian zergapekoak zirenengandik. Populazioaren beheko %90 zergapetzen da, populazioaren %10 horiei interesak ordaintzeko! Horrek zor publikoa goratzen du, aspaldian gobernuek zergapetu zuten aberastasun-zergen alternatiba gisa.

Aaldatu egin behar da joera hori. Zergapetzearen helburua ez da zigortzea, ekitateari eustea baizik. Bidezko zergapetzearen giltzak bi alde dauzka: errenta aldea eta gastu aldea, alegia, nondik datorren zerga-errenta eta nola gastatzen den zerga-errenta. Hortaz, aspaldian ezagutu den politika fiskal aurrerakoia berriz ere martxan jarri behar da. Zergapetze egoki batek errenta guztiengandik era zuzen bat (ez modu berdinean) jaso behar du eta zerbitzu publikoetan gastatu, gastu horiek errenta gutxiko jendeari begira daudela.

Historian egondako ekonomiarik arrakastatsuenak eta orekatuenak ekonomia mistoak izan dira. Honen kontrako aldeak -erregulazio publikorik gabeko ekonomia zein erabat plangintzaturiko ekonomia- arras suntsitzaileak dira, nahiz eta modu desberdin batez. Populazioa txirotzeko ondorioa berdintsua da bi kasuetan, nahiz eta ideologiak ezberdinak izan. Sobietar Batasuneko estatu-erregimenek ekarri duten esklabutzarako bidea, eta kontrolik gabeko oligarkiaren bidez datorren zor-peoitzarako bidea, berdintsuak dira. Hortaz, gobernuak beharrezkoak dira ingeniaritza industriala ordezkatu duen «finantza-ingeniaritza» berritik babesa lortzeko.

Gaurko zerga-sistemak egiten duenari buelta eman behar zaio politika fiskal egoki baten bidez. Beraz, klase-borroka fiskal berri horrek eskatzen du gobernuak bizitza ekonomikoan inoiz baino rol handiagoa eta sakonagoa jokatzea (ikus M. Hudson-en «A fiscal program to renew American life and to restore fair taxes»).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo