«10 urte amorrua antolatuz» lelopean hainbat ekitaldi izango dira Bakaikun
«Duela 10 urte Gazte Asanblada gazteria an- tolatzeko tresna egokia izan bazen, gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du». Bakaikuko Gazte Asanbladak hainbat ekitaldi antolatu ditu bere urtemugan; esate baterako, Gazte Eguna ospatuko dute datorren larunbatean.
GARA |
«Hainbat belaunalditako gaz- teak hemen elkartu garela aprobetxatuz, Bakaikuko Gazte Asanbladaren beharra nabarmendu nahi dugu. Duela 10 urte gazteria antolatzeko tresna egokia izan zen, eta gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du. Sistemaren ofentsiba areagotuz doa urtetik urtera, kapitalismo basatiaren garaian bizi gara, eta orain ere garrantzitsua da amorrua antolatzea. Horretarako Gazte Asanblada ezinbesteko tresna da». Horrela mintzatu ziren atzo Bakaikuko Gazte Asanbladako kideak.
Hamargarren urtemuga honetan, «Bakaikuko, Sakanako eta Euskal Herriko gazteria gonbidatu nahi dugu gurekin batera ospakizunetan parte hartzera», esan zuten. Oso egitarau zabala prestatu dute gazteek; datorren ostiralean, 18.00etan txupinazoa bota ondoren, txokolate-jana, abestiaren aurkezpena eta hamar urteko bideoa eskainiko dute.
Larunbatean, hilaren 17an, Gazte Eguna ospatuko dute: mendi martxa, jolasak, olinpiadak, kontzentrazio bat, afaria eta musika izango dira. Igan- dean Txan Magoaren emanaldia izango da 19.00etatik aurrera.
Hurrengo astean ekitaldiak izango dira egunero; besteak beste, maputxeei buruzko hitzaldi bat, herri zinema, eta Abiadura Handiko Trenaren inguruko eguna. Larunbatean, hilaren 24an, Su ta Gar, Al Karajo eta Segada taldeen kontzertua izango da. Eta igandean, Keinuka antzerki taldeak ``Lotuta'' antzezlana eskainiko du.
Atzoko agerraldian honakoa adierazi zuten: «Duela 10 urte Gazte Asanblada sortzea erabaki genuenean, hutsune nabariak zeuden gure herrian, gazteen bizimoduan eragina duten zenbait alorretan: kultura, bizi baldintzen okerreratzea, aisialdia, etxebizitza, errepresioa... Gazteria antolatzeko gunerik aproposena zela argi genuen, eta urte hauetan hainbat ekimen eta borroka eraman ditugu aurrera. Eta gure lanaren oinarria autogestioa eta batzarrak izan dira».
Bakaikun eragiteaz gain, «gure bailaran eragitea izan dugu helburu, Sakanako gainontzeko gazte asanbladekin batera; horregatik, SAGA sortu genuen, eskualde osoaren ikuspegia garrantzitsua baita gurea bezalako herrientzat», gaineratu zuten.
Orain arte eginiko ibilbideaz harro daudela, eta horregatik, 10 urte bete dituztela aprobetxatuz, urte hauetan guztietan egindakoa ospatu nahi dutela adierazi zuten.
«Bakaikuko, Sakanako eta Euskal Herriko gazteria gonbidatu nahi dugu Bakaikuko Gazte Asanbladako kideok gurekin batera datozen egunetan ospakizunetan parte hartzera».