GARA > Idatzia > Hemeroteka

LE JOURNAL | Aitor Sarasua 2007-11-15

Frantsesez ikasi behar dut

Frantsesez ikasi behar dut, plantan, ahal bada azenturik ere gabe. Hobeki integratzeko. Hemengo jendea bortxatuta sendi ez dadin, euskaraz ez dakien hemengo jendea ez lotsarazteko. Berripaper abertzaleak ongi uler ditzadan, ñabardurarik txikiena ere galdu gabe. Hemengo lagunen humorea osoki harrapa dezadan, hitz jokoak, ditxoak eta txisteak.

Gendarmeek bidean alkotesta egiteko gelditzen nautenean nire frantses kakolak ez nau kezkatzen, baina ikastolako bilkuretan beste burasoei errudun sentiarazteak bai.

Frantsestegiren baten xerka hasi behar dut, izanen da nunbait. Egiazko euskaldun ideki eta sinpatiko bat izan nahi dut, inor trabatuko ez duena, deserosoa ez dena, salatzailea izanen ez dena euskaraz (ongi) ez dakiten euskalzaleentzat. Hori (omen) baita gure erronka nagusia, gure mundua zabaltzea, denentzat irekia dela ulertaraztea, inor ez baztertzea. Ez arraza, ez sinismen eta ez hizkuntzagatik. Horregatik ikas dezadan frantsesa behar bezala, ez nadin estremista purista bat izan.

Edo bederen euskaraz mintzatzean rr-a frantsesek bezala ahoskatzen ikasi behar dut: zakugga, gezugga, beldugga. Ez diezaiedan hemengo euskaldun aitzinazaleei beren aitatxi-amatxien mintzatzeko doinua oroitaraz, edo barnekaldeko otto eta ttanttena. (...)

Eta ni gai ez banaiz, gai frantsesez bikain ikasteko erran nahi dut, alabek ikas dezatela behintzat. Eta ikastolan ez dakit nik nahi bezala ikasiko ote duten. Beharbada hobe duket elebidunera igortzea, ez bada frantses hutseko eskolara. Euskara gero ere ikasiko dute etxean, eta behartzen badira gau-eskolara joan daitezela gaz- tetuta Pagatuko diet.

Etxean euskal telebistarik ez pizten hasi behar dut behintzat, hori bai, eta ez Gure irratirik, Irulekorik edo Xiberoko Bozik. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo