GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Miss Navajo

Erreserbara iritsi eta ezustekoa izan dugu. Indiarren polizia auto bat aurkitu dugu bidean. Herria itxita dagoela esan digu. Hileta bat dute bertan eta ez dute turistek sarrerarik

Caroline Fraser idazleak hartu gaitu bere Santa Feko etxean. Carolinek eta Halek, bere mutilak, «New Yorker» aldizkarian egin zuten lan luzaroan, baina behin hiri handia utzi eta New Mexikoko hirira joatea erabaki zuten. Santa Fe hiri txikia da, hirurogei mila biztanle baino ez ditu izango. Basamortuaren erdian eraikia, etxe guztiek itxura berdintsua dute. Denek jarraitzen dute Pueblo izeneko estiloa. Pueblo izeneko arkitektura hori joan den mendearen hasieran egin zen famako, eta ordutik hona, etxe guztiak eraiki dituzte era berean. Pueblo du izena estiloak indiarren etxe zaharretan dagoelako oinarrituta. Buztinezko etxeak ziren horiek, leiho txiki-txikiekin eta altura bakarrekoak.

Pozik hartu gaituzte Carolinek eta Halek. Haien txakurrak ez, ordea. Zaunkaka oldartu zaigu. Harridura sorten zuen halako pertsona lasaiek halako zakur urduria izatea. Nonbait basapiztia zen txakurra zaindegitik jaso zutenean, salbatu egin zuten heriotza seguru batetik.

Poeta bikaina izanik ere, Caroline prosazko liburu batek egin zuen famako, «God's perfect child» izenekoak. Carolinen aita kristau integrista zen, haurrak gaixorik egon eta botikarik ematen ez zien horietakoa, Jainkoaren borondatea zela uste zuelako. Amak ezkutuan ematen zien aspirinatxoa ahizpari eta biei sukarra bazuten. Liburuan komunitate horren historia eta analisia egiten du Carolinek.

Gosaltzen geundela, bertako egunkari batean datorren berrian jarri dut arreta. «Miss Navajo» dokumenalari buruz elkarrizketa egiten zioten zuzendariari, navajoa bera ere, nahiz eta Billy Luther izena izan. Billyk haren amaren ibilerak kontatzen ditu filman, nola gaztetan «Miss Navajo» lehiaketa irabazi zuen amak. Lehiaketa, baina, ezohikoa zen. Irabazi behar zuen neskak bi baldintza bete behar zituen ezinbestean: navajoz hitz egiten jakin behar zuen eta laban batekin bildots bat zatitzen zekiela erakutsi. Edertasunaren ikuspegi ezberdina, nolanahi ere.

New Mexikon indiarren erreserba handiak daude. Bertara eraman zituzten navajoak ere ia mila kilometroko ibilaldia egin eta gero. Asko gaixotu eta hil egin ziren bide luze horretan. Erreserbek badute halako subiranotasun antzeko bat. Haien legeak dituzte eta haien poliziak. Zergarik ere ez dute ordaindu behar. Zertan egiten duten lan galdetu diot Carolineri. «Lehen haien lurraldeetako meatzetan egiten zuten lan gehienek. Orain kasinoak eraikitzen hasi dira. Subiranotasuna dutenez, libre dira kasinoak eraikitzeko haien lurretan. Baina zatituta daude. Haietako askok ez ditu kasinoak begi onez ikusten».

Txangoa egin dugu erreserba horietako batera. Taos izena du herriak. Santa Fetik ordu eta erdira dago automobilez. Ederra omen da herria, dena garai batean bezalakoa. Hala ere, erreserbara iritsi eta ezustekoa izan dugu. Indiarren polizia auto bat aurkitu dugu bidean. Herria itxita dagoela esan digu. Hileta bat dute bertan eta ez dute turistek sarrerarik. Santa Fera itzuli gara, penaturik.

Etxean zain genituen Hal eta txakurra. Ez digu oraingoan zaunkarik egin. Lasaitu egin dela dirudi. Samurtu zaio begirada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo