Intxaurrondoko Zulo Zahar elkartea kriminalizatzeko gezurrak esatea salatu dute
Azaroaren 7an Donostiako hiru elkarte eta hemezortzi etxe miatu zituzten poliziakide espainolek. Intxaurrondoko Zulo Zaharren haritik, «gezurretan oinarritutako iruzurra» egin izana salatu zuten.
Gari MUJIKA |
Intxaurrondoko ezker abertzaleak azken asteotan Donostian izandako polizia sarekada salatu zuen atzo, auzoko Gabriel Aresti enparantzan egindako prentsa agerraldian. Sarekada horri dagozkio hilaren 7an Intxaurrondoko Zulo Zaharren, Loiolako Hontzan eta Amara Berriko Ilunki elkartean egindako miaketak. Intxaurrondoko bizilagunek gogor salatu dute komunikabideek «gezurretan oinarrituriko iruzurra» egiten lagundu izana, eta baita errepresioaren bidez kriminalizazioa bultzatzeko saiakera ere.
Donostiako polizia sarekadaren agindua eman zuen epaile espainola bertaratu egin zen, alegia, Fernando Grande-Marlaska joan den azaroaren 7an Intxaurrondoko Zulo Zahar elkartearen miaketan izan zen. Bederatzi ordu eta erdi eman zituzten polizia espainolek elkartea miatzen, eta auzoko ezker abertzaleak salatu duenez «lapurreta eta txikizioa» egin zuten denbora horretan.
Komunikabideen aurrean gogora ekarri zuten nola hilaren 7ko eguerdian «atea eta pertsiana txikitu» zituzten Zulo Zahar elkartean sartzeko, inor ez baitzegoen orduan bertan. «Bederatzi ordu eta erdi eman zituzten barruan, eta bitartean elkarteko armairu guztiak puskatu zituzten. Besteak beste, dirua, kutxa gotorra, ordenagailuak eta suziriak eraman zituzten».
Azken aipamen hori, suziriak eraman izana, hain zuzen, hartu zuten hizpide jarraian; lehenago, ordea, gogor salatu zuten «komunikabideetan gauza horiek bidegabe» puztu izana. Izan ere kasik komunikabide guztiek nabarmendu baitzuten suziri horiek aurkitu izana.
Baina auzotarrek adierazi zutenaren arabera, irailean ospatu zituzten auzoko jaietan erabili zituzten suzirien «hondarrak» ziren polizia espainolek berekin eraman zituztenak.
«Lapurreta eta txikizioa»
Kutxa gotorrean «dokumentazioa» aurkitu izana ere aipatu zuten komunikabideek. Kutxa gotor hori, poliziek berekin eraman zutela, eta orain dela hamar urte baino gehiagotik ireki gabe dagoela azaldu zuten .
Alta, «Zulo Zaharren egin duten lapurreta eta txikizioa eta horren inguruan egin duten gezurretan oinarritutako iruzurra» salatu zuen Intxaurrondoko ezker abertzaleak. Izan ere, dirua eraman zuten eta elkartea hankaz gora utzi, armairuak eta bestelako tresneria apurtu baitzituzten.
Baina Intxaurrondo auzoan jazotakoa kasu bakarra ez dela izan nabarmendu zuten Intxaurrondoko auzotarrek. Hala, gogora ekarri zuten urriaren 29tik 30erako gauean zazpi gazte atxilotu zituela Polizia espainolak; horien artean Jon Sardon intxaurrondotarra. Gazte horiek bost eta hamar egunez inkomunikaturik egon direla salatu zuten, eta atxiloketon ondotik, joan den azaroaren 7an, beste lau gazte gehiago atxilotu zituztela salatu zuten. Atxiloketoi lotuta iritsi zen beraz, hilaren 7an, Intxaurrondoko Zulo Zahar elkartearen polizia miaketa.
Zulo Zaharren miaketa dela-eta, «iruzurra» egin izana salatu dute intxaurrondotarrek. Hala nola, suzirien afera. Irailean izandako auzoko jaietan erabili zirenen «hondarrak» zirela azaldu zuten.
Prentsa agerraldia egin ostean, Intxaurrondoko kaleetan barrena manifestazio egin zuten berrogei bat auzotarrek. «Zulo Zahar aurrera» lelopean egin zuten mobilizazioa, soinean auzoko presoen argazkiak zituztela.