GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eraso sexisten aurrean, autodefentsarako deia egin du Bilgune Feministak

Indarkeria sexistaren aurkako eguna dela-eta, Bilgune Feministak mobilizazioak antolatu ditu datozen egunotarako. Atzo egin zuten lehena, eta eraso sexisten aurrean erantzuteko, autodefentsarako deia egin zuten.

p024_f02_148x104.jpg

Txotxe ANDUEZA |

Gasteizko Correos plazan, 25 emakume bildu ziren atzo, indarkeria sexistaren kontrako eguna dela-eta, emakumeei autodefentsarako deia egiteko.

Atzokoa, Azaroaren 25ean mundu osoan egiten den genero indarkeriaren kontrako egunari begira Bilgune Feministak antolatu duen lehen ekimena izan zen. Baina data horren inguruan egitarau zabala antolatu du Bilgune Feministak.

Nazioartean emakumeen kontra erabiltzen den bortxakeria salatzeko aprobetxatu ohi dute azaroaren 25a, eta Euskal Herrian ere, emakumeak jipoitzen dituen indarkeria mota horren gaineko hausnarketak ugari dira. Besteak beste, Bilgune Feminista taldeak ere, balorazioa kaleratuko du atzo hasi eta 25a bitartean egingo dituzten mobilizazio eta ekimenetan.

«Zuk zer egingo duzu?»

«Emakumeon kontrako indarkeriari aurre egitea denon ardura da. Zuk zer egingo duzu?». Esaldi horrek laburbiltzen du egun hauetako mobilizazioetan Bilgune Feminista taldeak indarkeria patriarkalaren aurrean, jendarte osoari egingo dion galdera eta deia.

Hiru ildo nabarmendu ditu Bilgune Feministak indarkeria sexista dela-eta eginiko hausnarketaren ondorioz.

Lehenik eta behin, indarkeria sexista tratu txarrak baino gehiago direla zehaztu dute. «Sexuen arteko desberdintasunak eragiten duten indarkeria fisiko zein psikikoa» kontuan hartu behar dela dio Bilgune Feministak, eta horren aurrean «emakumeok indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea dugu».

Bigarrenik, autodefentsarako deia egiten dute. Zentzu horretan, Bilgune Feministak iragarri du «gure tresna indibidual zein kolektiboak sortuz, beldurrik gabe, gure eskubideen jabe izanik, sistemak eragindako harreman hierarkikoei» aurre egingo dietela.

Eta azkenik, «edozein motako eraso matxisten aurrean gure gaitzespena azaldu eta erasotzaileak baztertzeko» deia egin dute.

Piztu alarma

Atzoko elkarretaratzean «Piztu alarma, autodefentsa» leloa zuten elastiko moreak eta aurpegiak erabat estaltzen zizkieten maskara moreak jantzita agertu ziren Bilgune Feministako kideek irudi ikusgarria osatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo