GARA > Idatzia > Kultura

«Elvis hil zen urtean», Mendiguren 1970eko hamarkadari begira

Nerabezaroa aitzakiatzat hartuta, 1970eko hamarkada bukaerako euskal gizartearen inguruko gogoeta egin du Xabier Mendiguren Elizegik «Elvis hil zen urtean» nobela labur plazaratu berrian.

p057_f02_148X88.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Elvis Presley hil zeneko 30. urteurrenaren aitzakian, aurten, abuztuan, «erregea»ren inguruko zalaparta handi samarra sortu zen komunikabideetan. Horrelako zerbait gertatu zen orain dela bost urte, 25. urteurrenean. Orduko hartan, Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarrak «non nengoen ni Elvis hil zen uda hartan?» galdetu zion bere buruari. Erantzuna orain plazaratu du, nobela labur moduan.

Istorioa tamaina ertaineko hiri industrial batean girotuta dago, Euskal Herriarentzat hain garrantzitsua izan zen 1977. urte hartan. Protagonistak hamabost bete berriak edo betetzear dituzten hiru lagun dira, Edu, Rober eta Etxe. Beren solas eta bizikizunetan neskak, musika, drogak, politika eta beste hainbat kontu azalduko dira.

«Nerabezaroko istorio bat da -azaldu du Mendigurenek-, protagonistak nerabeak dira eta beren gorabeheratxoak dituzte. Baina istorioa neurri handi batean aitzakiatzat hartu dut 1970eko hamarkada bukaerako euskal gizartea islatzeko eta horren inguruan gogoeta soziologiko batzuk egiteko. Tira, beharbada potoloegia da `soziologiko' adjektibo hori, baina, bai, helburua hainbat gauzari buruzko gogoeta egitea da. Azken batean, nerabe zarenean, mundua deskubritzen duzu. Deskubrimendu hori aipatzen dugunean, gehienetan, sexua dugu gogoan, baina askoz harago doa, noski».

Deskubrimendu garaia

«Nerabezaroa arte dituzun ideiak -jarraitu du Mendigurenek- normalean etxean zeureganatuak dira, eta hortik aurrera, berriz, nabarmen alda daitezke. Beharbada etxean fededunak dira, eta zuk, aldiz, ez duzula sinesten deskubritzen duzu; edo eskuindar eta tradizionalistak dira, eta zuk, berriz, kezka sozial edota nazionalak dituzu; edo hizkuntza aukera bat egiten duzu. Honelakoen inguruan dabil liburua, amnistia, ikurrina eta beste hainbat kontu ekarri zituen 1977. urte hura».

Nobela lehen pertsonan idatzita dagoen arren, ez da autobiografikoa, «ez, behintzat, aipatzen diren gertaerei dagokienez; giroa eta gogoetak, berriz, neurri batean autobiografikoak direla esan dezakegu. Egia esan, nik bezala berrogei urtetik gora dituen edornok ezagutu du giro hura, eta bere burua pasarte batean edo bestean islatuta ikusiko du», esan du egileak.

Mendigurenen hasierako asmoa askoz nobela luzeagoa idaztea zen, 1977. urteaz geroztik gaur arte pertsonaien bilakaera islatuko zuena. «Baina lehenengo atala osatu eta nostalgia edo malenkonia-kutsu nabarmena zeriola iruditu zitzaidan. Testu labur baterako aproposa zela iruditu zitzaidan, baina nobela luze baterako ez. Nik, behintzat, ez nuen tonu horretan nobela luze bat idazten jarraitzeko gogorik». Beraz, «Elvis hil zen urtean» kaxoi batean gorde zuen Xabier Mendigurenek harik eta Elkarreko lankideek «Ateko bandan» bilduma abiatu berrian argitaratzeko aproposa izan zitekeela esan dioten arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo