Partida berezia Lau eta Erdian
Sakearen garrantzia frogatu du Arretxek «prestaketan»
Luzaideko aurrelariak zortzi tanto egin zituen lehen jokaldiarekin eta beste bost sake-errematean
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Abel Barriolak ezin izan zuen garaipena eskuratu berarentzat propio antolatutako partida berezian. Iker Arretxek ongi baliatu zuen sake guztiak ateratzeak ematen duen abantaila, eta markagailuan atzetik ere ibili arren, azken txanpan zortzi tanto segidan eginda 22ra heltzeko gai izan zen. Lehiaketa ofizialeko tentsiorik izan ez arren, proba entretenigarria izan zen eta, protagonista nagusiak onartu zuenez, baliozkoa.
Pentsa zitekeen moduan, partidaren gakoa sakean egon zen. Arretxe gazteak sakearekin asmatu zuen bakoitzean, partidaren hasieran eta bukaeran batez ere, tantoak bere alde erori ziren. Guztira zortzi tanto lortu zituen luzaidarrak lehen jokaldiarekin, eta horrela aurreratu zen 1-6, lehenik, eta horrela joan zen 16-14tik 16-22ra ondoren. Sake-errematean beste bost tanto ere egin zituen.
«Oso zaila da. Ongi sakatu du eta seian askotan arrimatu dit. Horrelako partida bat irabazteko oso huts gutxi egin behar dira, eta nik batzuk egin ditut. Airez ere, min handia egin dit. Edonola ere, proba hau ongi etorri zaidala uste dut», adierazi zuen Barriolak amaieran.
Leitzakoa bi lanetan behartu zuen batez ere Arretxek: defentsan -errestoa hor barruan sartuta- eta baita aireko jokoan ere. Defentsan lan asko eta ona egin behar izan zuen Abelek. Sakearen osteko erremateari erantzun ahal izateko tanto askotan ibili behar izan zuen atzetik aurrera korrika. Erasoan, aldiz, aurrelari peto-petoa bailitzan ibili zen askotan. Bi-paretarekin hiru tanto egin zituen eta airez beste hiru, ikusgarriak gehienak. Faltan zen bakarra, piloteo gehixeago eduki ez izana.
Barriola Ogetan izango da gaur finalean bere aurkariak izan daitezkeenak aztertzen.