MUNDUKO PALA TXAPELKETA
B Multzoko lehen puntua Fusto eta Larrinagarentzat
A.A. | DONOSTIA
Pablo Fustok eta Koldo Larrinagak uste baino errazago lortu zuten B Multzoko lehen garaipena Javier Iriondo eta Wladimir Lujanen kontra (45-33). Munduko Pala Txapelketako lehen partidak ez zuen esperotako ikuskizuna eskaini, eta neurketaren bigarren erdian aldeak oso nabarmenak izan ziren.
Izan ere, Fusto sasoi betean dago eta bera izan zen, atzo ere, norgehiagoka apurtu zuena. Argentinarrak bikain bilatu zituen Deportivoko txoko guztiak eta ezker paretan ere min handia egin zien aurkariei. Larrinagak bikain lagundu zion, saketik mina eginez (4), eta sopeloztarraren lana ere, beste munduko ezer egin gabe, aipatzekoa izan zen.
Urdinei dagokienez, berriz, beteranoek ez zuten beren benetako maila eman, batez ere, Lujanek. Kubatarrak, pilotakada bakanen batzuk kenduta, ez zuen atzean behar adina agindu, eta Iriondo salduta ibili zen gehienetan.
Partidak 65 minutuko iraupena izan zuen eta 334 pilotakada jo zituzten. B Multzoko hirugarren bikotea Jose Urkijok eta Manuel Galanek osaturikoa da.