GARA > Idatzia > Kirolak

Tenisa | Masters leihaketa

Ferrer eta Federer tifoiek jo behar dute elkar finalean

Ordubetean bota zuen Roddick Alacantekoak eta Masterseko aurreneko finala jokatuko du. Federerrek, aldiz, bosgarren finala jarraian izango du.

p046_f01_097x092.jpg

GARA | SHANGAI

Erauntsiek hartu zuten atzo protagonismo osoa Shangaiko Masters lehiaketan. Ozeano Barean hasten diren hurakanei «tifoi» baderitze, Ferrer eta Federerrek tifoien arteko talka izango dute gaur goizeko 09.00etatik aurrera -16.00ak Shangain-.

Izan ere, nola Alacantekoak hala Suitzakoak, beren aurkariak airean erabili dituzte, ekaitz tropikalak bailiran. Hala, bi set errazen ostean, Ferrerek Andy Roddick 6-1 eta 6-3ko emaitzaz bota zuen, eta tenisaren egungo errege Federerrek 6-4 eta 6-1eko emaitzaz ordubetera iristeke birrindu zuen Rafael Nadal.

Gaur goizean jokatu beharrekoa Masters lehiaketako bosgarren finala izango da Federerrentzat. Ferrer, ordea, azkeneraino iritsi da bere aurreneko Mastersean.

Jokatzeko bi modu

Oso ezberdinak dira Alacantekoa eta Suitzarraren jokatzeko moduak. Tenisaren trikimailu guztiak menperatzen baditu ere, sakean du Federerrek bere arma nagusienetakoa. Ferrer, berriz, atzetik jokatzen duena da, aurkariei sare aldera igo arazi eta gainditzen zalea. Bien jokamoldeek erabateko arrakasta izan zuten atzo.

Roddick sakatzaile aparta zuen aurrean Ferrerek. Hala, pazientziaz eutsi zien estatubatuarraren aurreneko erasoei, eta bere jokoa inposatzea lortu zuen. Ordu erdi baino gutxiagoan Roddickekikoak eginda zituen aurreneko setean, 6-1 nagusitu baitzen.

Bigarrenean estuago joan ziren gauzak, finala hain gertu zuela ikusita Ferrer bera ere estutu egin zelako. Ondorioz, 4-2 galtzean zihoala, Roddicek Javeakoaren sakea apurtzeko aukera bi izan zituen, baina ezin izan zituen probestu. Beste aukera bat etorri zitzaion 5-3 galtzen zihoala, Ferrerek bi falta bikoitz egin zituenean, baina alferrik orduan ere. 25 urteko Alacanteko tenislariak bere urterik borobilena osatzeko beste pauso bat eman zuen atzokoan.

Bigarren finalerdian borroka handiagoa espero zen, baina Rafael nadal ez zen bere mailara hurbildu ere egin, Federerrek utzi ez ziolako batik bat. Saketik hasita, piloteoan berdin eta errematean zeresanik ez, suitzarrak Nadalekikoak uste baino errazago egin zituen.

Aurreneko setean 4-4 egotetik, bigarren setean 5-0 egotera pasa zen Federer suitzarra. Azken orduan arnasa hartzeko aprobetxatu zuen Federerrek, Manacorrekoak sake bati eutsi ziezaion eta gaurko indarrak gordetzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo