GARA > Idatzia > Euskal Herria

Topaketen berrikuntza ekarri du IAren zazpigarren Ikasle Egunak

Berrikuntzaz beteriko Ikasle Eguna izan zen atzo Usurbilen. Berrehun ikasle inguruk hartu zuten parte Euskal Ikasleon Topaketetan. Indarkeria, Bologna prozesua edota eskubide demokratikoak izan ziren goizean jorratu zituzten gaiak. Bertso-bazkaria izan zen eguerdian, eta gaua helduta, kontzertu batek eman zion amaiera zazpigarren Ikasle Egunari.

p021_f03.jpg

GARA |

Atzo Usurbilen egin zen Ikasle Egunaren zazpigarren edizioak berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituen. Izan ere, Ikasle Abertzaleek urtero antolatzen duten egunak atzo, gainontzeko edizioetan ez bezala, hausnarketarako eta eztabaidarako gunea eskaini zuen. Horiek horrela, egunez egin ziren Euskal Ikasleon Topaketetan, berrehun ikasle inguruk hartu zuten parte eta ikasleei dagozkien gai desberdinak jorratu zituzten.

Goizean, hiru gai aztertu zituzten sakonki. «Hezkuntza eta indarkeria» izan zen bat. Hori jorratzeko, SEPC Kataluniako ikasleen sindikatuaren ordezkariak eta Bilgune Feministako kideak izan zituzten lagun. Eskubide demokratikoen gaia ere izan zuten eztabaidagai. Datu zehatzekin frogatuta ikusi zuten ikasleek azken urteotan ikas-zentroetan ezarritako neurri errepresiboen ugaltzea, eta ondoren, Ikasle Abertzaleak erakundeko kide izandako batzuek mahai ingurua egin zuten, eskubide demokratikoek azken urteetan izan duten bilakaera aztertzeko. Eta goizeko saioa osa- tzeko, Bologna prozesua aztertu zuten hirugarren eztabaidagunean. Euskal Herriko campus bakoitzean joan den astean egindako hausnarketaren ondorioei buruz mintzatu ziren ikasleak. Haien iritziz, Bolognaren prozesuak bi tresna ditu inposizioa aurrera eraman ahal izateko: «Lehena, desinformazioa da, eta bigarrena, metodologia berriaren ezarpena».

Hiru topaketa horietan egindako hausnarketak batzarrean jarri zituzten komunean. Eta arratsaldean, Itzartu prozesuari buruzko hitzaldia, maskulinitate ereduari buruzko tailerra, Gazte Internazionalisten aurkezpena eta Sextabaida izan ziren Usurbilen bildutako ikasleek egin zituzten ekimenak.

bertso-bazkaria

Topaketetako eztabaida eta hausnarketan parte hartzeaz gain, dibertitzeko parada ere izan zuten ikasleek eguerdian egindako bertso-bazkarian, Fredi Paya, Jokin Uranga eta Onintza Enbeita bertsolarien eskutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo