GARA > Idatzia > Athletic

Egoera aldatu arren, «nire lana berbera izango da», dio Dani Aranzubiak

GARA | BILBO

Aldaketa bat gutxienez egongo da Athleticek Deportivoren aurka aurkeztuko duen hamaikakoan. Aldaketa garrantzitsua gainera, Alicanten min hartu arte minutu guztiak jokatu zituen Gorka Iraizozek harmailetatik jarraitu beharko baitu partida.

Bere ordez, Dani Aranzubia arituko da, eta denboraldian lehenengo aldiz egongo da hamaikakoan. «Aste desberdin samarrari» egingo dio aurre atezainak «egoera nolabait aldatu baita, eta jokatzeko aukera gehiago daudenez, sentsazioak ere desberdinak dira. Baina, aldi berean, ez da aldaketa handiegirik izango, orain arte egin dudan lan berbera egiten jarraituko baitut», azaldu zuen.

Atezainak, bestetik, ez du espero «urduri egoterik» datorren igandean, «ez, behintzat, beste partida batzuetan baino gehiago». Aranzubiak badaki protagonista izango dela, baina alde horretatik ere, ez du taldekideek baino presio handiagoa nabaritzen. «Zelaira irteten garen jokalari guztiok erantzukizun handia daukagu -nabarmendu zuen- eta bakoitza ahal duen hoberena ematen saiatzen da».

Jaia astelehena arte

Bestetik, Aranzubiak atzo lan egin zuen, eta jai dauka gaur, gainontzeko taldekideek bezala, Lehen mailan jardunaldirik ez dagoela aprobetxatuz.

Talde zuri-gorriak bihar arratsaldean ekingo dio Lezaman asteko lehen lan-saioari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo