Oinarrizko errenta, beharrezko eztabaida
Ez da berria oinarrizko errenta unibertsala ezartzea ez da proposamen, eta ekimen, berria. Daniel Raventos «Las condiciones materiales de la libertad» liburuan haren nondik norakoak azaltzen ditu, hala nola haren ondorioak zein izango liratekeen. Sei urte luze dira Catalunyan Oinarrizko Errentaren Sarea sortu zutela, herritar guztiek, gizarte zein ekonomia-baldintzak edozein dituztela ere, diru-sarrera hori jaso dezaten.
Pobrezia Hirugarren Munduari lotutako fenomenotzat jo ohi da, garatu gabeko herrialdeei, oro har; baina munduko herrialde garatuetan, aberatsenetan ere, eta maila desberdinetan, biztanleriaren ehuneko sarritan esaguratsuak daude. Herrialde horietan, ordea, lanik ez dutenen edo egin nahi ez dutenen gabezia dela pentsatzeko joera dago. Europako zenbait estatutako aspaldiko ikerketek, ordea, pobrezia babes sozialik ezari eta soldata eskasei lotuta dagoela erakusten dute. Ehunekoetara jota eta Hego Euskal Herritik atera gabe, oinarrizko errenta delakoa Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) ehuneko 88 da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta Nafarroan ehuneko 80, baina, ehunekoei jarraituta, Estatu espainoleko LGS gaur egun Europako batez bestekotik oso behera dago.
Pentsa liteke herritar guztientzako diru-sarrerak arazo ekonomikoa dela batez ere. Hori, ordea, ez litzateke handiena, ezta lan merkatua desitxuratzeko arriskua, baizik eta langileek lan prekarioen mende ez egoteko aukera izateko «arriskua»; «arrisku» hori saihestu nahi duten interesak, alegia. Eta ez da arazo txikia bazterkeria estrukturala izan dadin, azken batean herritarrak libreago izan ez daitezen, interes boteretsuak izatea.
Nekez esan liteke bere burua «aurreratutzat» duen gizarte bat, bere herritarren parte bat babesgabe, baztertuta izanik, bidezkoa dela, edo ekonomiari ez ezik giza arloari ere dagokionez, benetan aurreratua dela. Eztabaida abian da, gero eta indartsuago. Beharrezko eztbaida gizarte bidezkoagoa lortze aldera, eta debate zaharrago baten osagarri izan litekeena: demokrazia formala, ekonomikoa ere izan gabe, egiazko demokrazia ote den.