Mikel Aramendi Kazetaria
Mirariaren giltza, non?
Aidanez inozo samarra izateari sekula utziko ez diodalako edo, benetan espero nuen pasa den astean gure «Y» miresgarriaren hauspotzaileek gogotik goraipatuko zigutela egunotan Europan arlo horri buruz notizia gailena izan dena: 1998an hasi zuten CTRL-Channel Tunnel Rail Link-aren eraikuntza amaitu izana. Eta, bide batez, Eurostarrean Londresko St. Pancras geltoki viktoriarretik Parisko Gare du Norderako bidaia... 20 minututan laburtzea, Londres osoa lurpean zeharkatu ondoren.
Erresuma Batuan inoiz egin den trenbide lanik handiena omen da, eta Erregina kapeladunaren presentziarekin inauguratu ez ezik, era guztietako laudorioekin estreinatu dute balentria. Ez da gutxien errepikatu dena aurreikusitakoa baino 50 milioi libera merkeago burutu dituztela lanak. Ongi etorria izango da kopurutxoa oraintsu Mantxako Tunelaren kudeaketan pilatutako bost mila milioi liberako zorra Erresumako zor publikoari erantsi behar izan diotenentzat.
Hala bada, gure abidurazaleek gogotik haizatuko zigutela albistea espero nuen. Besteak beste, sinesmen motela dugunon fedea suspertzen saiatzeko. Baina ez. Londresko korrespontsalen errutinazko kronikak besterik ez ditut topatu eta, gaur gaurkoz, Euskal «Y»aren web orriak ere ez du «berri ona» jasotzen. Bidenabar Bartzelonako anabasari buruzkoak ere jaso beharrekoak izango liratekeelako, agian? Litekeena.
Beste zergati bat ere bururatzen zait, ordea. CTRLaren luzera 108 kilometrokoa eta kostua 7.260 milioi eurokoa izan dela kontuan hartzen badugu, argi dago: eraikitako metro bakoitzaren kostua 67.000 euro ingurukoa izan da. Ez dirudi astakeria 32 km. tunel eta 150 zubi dituen trenbide batentzat. Oso deigarria da, ordea, nola «guk» trenbide aski luzeagoa (170 km.), askoz tunel (100 km. baino gehiago) eta zubi gehiago izango dituena... askoz merkeago egiteko egitasmoa darabilgun. Zehatzago esanda: nola «gure» tunelak metroko 20.000-27.000 eurotan eraikitzekoak omen diren. Non ote dago mirariaren giltza?
Ni, beti bezala, urrutiko adibide hauekin entretenituta nabilen bitartean, haatik, ikusten dut hemengo ahaldun guztiak ETA eta Euskal «Y»a karril berean (eta kontrako norabidean, noski) ikusteko irrikaz dabiltzala. Deika, esango nuke. Talka hori izango litzatekeelako egitasmoaren legitimazio iturria, proiektuaren seriotasunak eta bere aurrekontuen errealismoak eta fidagarritasunak gaur-gaurkoz eman diezaiokeena baino askoz gehiago?