Hedabide komunitarioen topaleku bihurtuko da Bilbo
Datorren ostiralean hasiko dira Bilbon Hedabide Komunitarioen IV. Topaketak. Aurtengo edizioa Tas-Tas irratiak antolatu du eta hiru egunetan zehar Estatu espainoleko eta kanpoko hedabideak elkartuko dira bertan gaur egun dituzten arazo eta erronkak aztertzeko.
Itziar PEREZ | IRUÑEA
Bilboko Tas-Tas irratiko kideak egunotan galtzak bete lan dabiltza, izan ere, beraiek arduratu dira datorren ostegunetik igandera bitartean Bilbon egingo diren Hedabide Komunitarioen inguruko hainbat ekintza antolatzeaz. Alde batetik, ostegunean, AMARC-eko (Munduko irrati komunitarioen elkartea) kideen trukerako bilera Bilboko Gazteentzako Ostatuaren alboko eraikinean egingo dute. Bilera itxia izango da eta Latinoamerika, Asia, Karibe eta Europako ordezkariek parte hartuko dute bertan eta herri ezberdinetan hedabide komunitarioen inguruko araupetze prozesuak aztertuko dituzte praktika onenak eta egokienak ezagutu ahal izateko.
Bestalde, ostiraletik igandera bitartean, hauek ere Lan Ekintzaren enpresaldean, Hedabide Komunitarioen laugarren topaketak ospatuko dira. Iñigo Muñoz Tas-Tas irratiko kideak azaldu duen bezala, «bilera hauen helburu nagusia hedabide komunitarioen Estatuko sarea behar bezala osatzea da. Modu honetan Administrazioen aurrean balizko hizketakide izan eta proiektu berriak aurkezteko aukera eduki nahi dugu». Honez gainera, komunikazio komunitarioan interasatuta dauden pertsonak erakarri eta gonbidatu nahi dituzte Bilboko topaketetara antolatzaileek. Hiru egunetan zehar hedabide hauentzat kezkagarriak diren hainbat gai jorratuko dituzte: proiektu berriak, Lege Ekimen berriak, SGAE eta beste elkarteen mehatxuak eta digitalizazioa, besteak beste.
Egitarauari dagokionez, ostiralean Olabeagako Gaztetxean Bilbok azken urteotan jasan dituen aldaketei buruzko diapositiba emanaldia eskainiko dute. Larunbatean EHUko irakasle den Txema Ramirezek eta Pia Mattak (AMARC ALC-ko lehendakaria) gizarte mugimenduen eta hedabideen arteko harremanaz hitz egingo dute, hirugarren sektorearen mugen inguruko mahai inguruan. Honez gainera, elkarlana bultzatzeko plataformen arteko mahai-ingurua egingo dute eta bertan Arrosa, URCM (Madrilgo Irrati Komunitarioen Elkartea), Indymedia eta Pititako egongo dira. Bukatzeko, Tas-Tas irratiko kideek bideoak grabatzeko, albiste bat nola egin ikasteko, Interneten dagoen anonimizazioa ahalbidetzeko tresnak erabiltzen ikasteko tailerrak antolatu dituzte.