GARA > Idatzia > Kultura

Bederatzigarren artea hasiz doa Getxoko komiki azokan

Azaroaren 23tik 25era ospatuko da aurten Getxoko seigarren komiki azoka. Areetako geltokiko plazan jarri ohi duten karpaz gain, Erromoko Sta. Eugenia plazan ere kokatuko da azoka estrainekoz, ekialdeko manga komikiari eskainitako karparen bitartez. «Friki» fama dute komiki zaleek eta ez dirudi ospe hori ezeztatzeko asmorik dutenik. Alta, ezin esan aspertzeko betarik dutenik antolatutako egitarau oparo eta mamitsuari begiratua botata.

p055_f01_199x116.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Asteon aurkeztu dute Getxoko VI. Komiki Azoka, urtez urte gero eta osoagoa eta ugariagoa dena, bai erakusmahaiei bai parte hartzaile edo bisitari eta zaleei dagokionean.

Iaz hiru egunean zehar hamazazpi mila bisitari izan zituen bederatzigarren arteari eskainitako azokak. Arduradunen esanetan, azkenaldian gorantz doa komikiarekiko interesa komunikabide zein publikoaren aldetik, eta joera horren isla dugu Getxoko azoka.

Egitarau zabala

Aurten larogeita hamar erakusmahai izango ditu azokak, iaz baino hamabost gehiago. Bertan, komikiak ez ezik rol jokoak, afitxak, kamisetak eta beste eskuratu ahal izango dira eta makina bat argitaletxek plazaratze berriak aurkezteko probestuko dute gero eta ospe handiagoa lortzen ari den gunea. Baina marrazkia protagonista duten jardunaldiek izango dituzte mahai inguru, erakusketa eta beste ere, kalea hartzeraino.

Mortadelo eta Filemonen aitak, Ibañezek, omenaldia jasoko du eta TMEO gazteizko aldizkari azidoak beste horrenbeste. Gainera, Miguelanxo Prado, Eduardo Risso, Andy Riley, Farid Boudjellal, Mark Buckingham eta beste hainbeste sortzaile ere bertaratuko dira.

Egitarauaren barruan, aurrekontu gutxiko zine erakustaldia ere izango da. Mahai inguruei dagokienez, «TMEO, 20 urte» izango da lehena, komikiaren ospe txarra eta ezagupen ezari buruzkoa bigarrena, bederatzigarren arteak beste medioekin duen harremana aztertuko duena. Hirugarren batean komiki kritika eta teoriari buruz arituko dira, egungo egoera, publikoaren bilakaera eta blog fenomenoa aztertuz.

Areetako karpan hiru erakusketa nagusi eskegiko dira. TMEO aldizkariari, amerimanga estiloa darabilen Man marrazkilariari -aurtengo afitxaren egilea-, eta Xabiroi euskarazko komiki aldizkariari eskainiak. Manga gunean berriz, Estudio Estudio Kôsen eta beldurrezko mangaren maisu dugun Hideshi Hino marrazkilariaren originalak ikusgai. Azken honek antzinako moldera, plumillaz egiten omen ditu marrazkiok.

Manga gune dibertigarrian, gainera, «Friki Triviala» jokatuko dute, karaokean abestu, komikietako pertsonaien «erasoak» jo, manga pertsonaiez mozorrotu eta pump it lehiatu. Mahai inguru bat ere izango dute, «Global Manga» izenburu daramana. Ezer falta ez dadin, idazkera japoniarraren, para para dantzaren eta ekialdeko mahai jokoen tailerra eta borroka erakustaldia.

Urtero legez, rol jokoek eta umeentzako komiki tailerrek ere izango dute haien txokoa. Komikiarekin ez da aspertzerik.

MANGA JAPONIARRA

Aurten estrainekoz, karpa nagusiaz gain gune berri bat jarriko da Erromoko Santa Eugenia plazan, oso osorik japoniar manga marrazkiari eskainia. Bertan, komikiez gain, cosplay, karaoke, pump it txapelketak eta beste izango dira.

Nazioarteko marrazkilarien partaidetza

Urtero legez, jatorri eta tankera ezberdineko marrazkilari ugari hurbilduko dira Getxoko azokara, azken lanak sinatu eta mahai inguruetan parte hartzera.

Izen guzti horien artean bi nabarmenduko dira, omenaldia jasoko baitute. Ibañez da bata, besteak beste «Mortadelo eta Filemón» komiki dibertigarriaren egilea. Egunotan mende erdia ospatu dute T.I.A.ko bi detektibe prestuek, eta Ibañez inoiz saririk ez jasotzeaz kexu azaldu bada ere, antolakuntzaren hitzetan nekez joaten da azoka eta jaialdietara. Beraz, urteetako lanaren emaitzak Francisco Ibañez Getxora ekarriko du.

Etxekoen artean, Gasteizko TMEO aldizkari zirikatzaileak jasoko du omenaldia, bere hogeigarren urtemugan. Bi hauez gain, Getxon izango diren marrazkilari sonatuenak, honakoak: Miguelanxo Prado galiziarra, besteak beste Spielbergek ekoiztutako «Men In Black» animaziozko seriean lan egindakoa; genero beltza lantzen duen Eduardo Risso argentinarra, «100 balas» seriearen egilea; Andy Riley britaniarra, «El libro de los conejitos suicidas» marraztu zuena eta Man, aurtengo afitxaren egile eta amerimanga marrazkilaria.

A. B.

Fitxa

Zer: Getxoko VI. komiki eta manga azoka.

Data: Azaroaren 23tik 25era.

Tokia: Areetako Geltokiko plaza eta Erromoko Sta. Eugenia plaza (Getxo).

Sarrera: 2 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo