Sorhuet-Kurutxari eta Ibarrola-Ozafrain, finalera
J.L. | DONOSTIA
Sorhuet-Kurutxari eta Ibarrola-Ozafrain sailkatu dira, datorren igandean Donapaleun jokatuko den Torneoko finalerako.
Ikusmin handia zegoen, ostiralean eta atzo jokatu ziren bi finalerdiak ikusteko, eta zaleek ez zuten hutsik egin, jendez gainezka egon baitira bi norgehiagokak.
Hala ere, lehen ezustea ostiralean bertan gertatu zen. Waltari kubatarra zen Larretxearekin, baina ostiralean gaizki esnatu zen Waltari, tripetakoak jota baitzegoen, eta ezin izan zuen jokatu. Bere ordez, Paxkal Ezkurak aritu behar izan zuen.
Larretxeak eta Ezkurrak, ordea, ez zuten partida oso ona egin, eta Sorhuetek eta Kurutxarik ez zuten izan aparteko arazorik garaipena lortu eta finalerdiak jokatzeko txartela eskuratzeko; amaieran markagailuak 40 eta 21 erakusten baitzuen.
Sorhuet eta Kurutxari hasieratik hasi ziren lanean gogor. Pausuako aurrelariak lan bikaina egin zuen. Botearekin min handia egin zuen. sakea zitala ateratzen zuen, eta Paxkal Ezkurrak ezin izaten zuen pilota txapa gainean jarri. Hasierako jokaldiarekin kintzea egitea lortzen ez baldin bazuen ere, gertu izaten zuen tantoa.
Atzean Andde Kurutxarik ere erabat menderatu zuen Paxkal Ezkurra. Hasieratik hartu zuten aldetxoa, eta apurka-apurka tarte hori gehitzen joan ziren. Sorhuetek sekulako partida egin zuen, baina atzean ere Kurutxarik ederki lagundu zion, eta kintzeak egiteko aukera ederra utzi zion.
Beste aldean, Larretxea eta Ezkurra II.a ez ziren bere mailan aritu. Mexikon izan dira jokatzen, eta ez dute atsedenerako tarte handiegirik izan, eta hori asko nabaritu zen.
Partida ederra
Atzo jokatu zen finalerdia askoz ere hobea izan zen. Ibarrolak eta Ozafrainek 40 eta 36 hartu zituzten mendean Xala eta Etxeto.
Xala aspaldiko partez berriro ere trinketean zen, eta zaleek bazuten bera ikusteko gogoa. Hasieran bikain ibili zen. Aurrean lotsagabe aritu zen. Atzean, egun dagoen atzelaririk onena zuen, Etxeto, alegia. Bien artean biko sendoa osatu zuten, eta partidaren lehen zatian aitzinetik aritu ziren. 23-18 aurretik ziren, baina hortik amaierara ikusi zen Ibarrolaren eta Ozafrainen jokorik onena.
Aurrelaria sakearekin min egiten hasi zen, eta atzean Ozafrainek dena eramaten zuen. 23-23 berdindu zuten neurketa, eta hortik aurrera agintzera pasatu ziren. 30-28 aurreratu ziren, eta zuten aldeari eusteaz gain, tartetxo bat zabaldu zuten, eta norgehiagokari eusteko modua egin zuten. Hala, amaieran garaipena lortu ahal izan zuten. Amaieran, trinketeko bikoak irabazi zuen, nahiz eta lau pilotariak aritu ziren maila oso onean.
Finala, datorren igandean jokatuko da Donapaleuko Saint Jaime trinketean, 17.00etan hasita. Ibarrola-Ozafrain Sorhuet-Kurutxari neurtuko dira.