GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko Aizkora

Larretxeak eta Atutxak aurrerapauso garrantzitsua eman dute

Zutika, txanda librean, moztu behar zen 60 ontzako enborra erabakigarria izan zen, hor irabazleek minututik gorako aldea lortu baitzuten

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Larretxea eta Atutxa II.a ziren atzo hasi zen Urrezko Aizkorako lehen jardunaldian irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Bere multzoko lehen ekinaldian, Mindegiaren eta Rekondoren aurka nagusi atera ziren, eta final laurdenetan izateko urrats handia eman zuten.

Jende asko bildu zen Mallabiako pilotalekuan saio hau ikustera. Gainera, Bizkaiko harri-jasotze Txapelketako finala ere bazen. Hori gutxi balitz, Mallabiako pilotaleku berriaren estreinaldia zen, eta atzo harmailek lehen jendetza izan zuten. Aizkolariek lan ezberdinak egin behar izan zituzten, eta horien amaieran bizkaitarrak eta nafarrak minutu erdi pasako aldea lortu zuten.

Hasiera-hasieratik izan zen oreka, eta bi bikoen artean estreinako lanetan oso berdintsu zebiltzan. Larretxeak eta Atutxak proba gehiago irabazten zituzten, baina tartea oso txikia zen. Hasi aurretik, Larretxeak eta Mindegiak hartu behar zuten bikote bakoitzaren ardura. Beraiek ziren bietan onenak, eta protagonismoa beraiena izan behar zen; eta horrelaxe izan zen, biak izan baitziren biko bakoitzeko nagusi. Hala ere, Atutxak eta Rekondok, bi gazteek, lan bikaina egin zuten, eta ederki lagundu zieten beren kideei.

Zutikakoa

Gauzak estu zihoazen, zutikako saiora heldu bitarte. Hirugarren saioa zen, eta 60 ontzakoa zutik moztu behar zuten txanda librean. Larretxeak eta Atutxak lan bikaina egin zuten. Bizkaitar gaztea ez da lantegi horretan hain ongi moldatzen, eta Larretxeak hartu zuen ardura osoa. Apur bat freskatzeko, txanda ematen zion bere lagunari, baina berak moztu zuen enbor hau gehien. Beste aldean, berriz, txandaka aritu ziren Mindegia eta Rekondo, baina hauek egindako lana, uste baino askoz ere motelagoa izan zen, eta garaipena eskuratzeko aukera asko galdu zituzten hor. Minutu bat pasatxo galdu zuten, eta garaipena oso zaila jarri zitzaien.

Laugarren lanean, gauzek bere horretan jarraitu zuten, baina, berriro ere 60 ontzakoarekin, oraingoan, etzanda, saioak ia buelta eman zuen. Biko bakoitzak bi 60 ontzako moztu behar zituen, aizkolari bakoitzak bana erdibitu behar zuen, eta hor Rekondok eta Mindegiak sekulako lana egin zuten. 4.04 izan zen beren denbora.

Larretxeak eta Atutxak, aldiz, ez zuten lan oso ona egin, eta aurkariei gerturatzen utzi zieten, 4.38 behar izan baitzuten lan hau burutzeko. Alde handia zuten, baina aurkariak minutu erdira jarri ziren, eta dena erabakitzeko zegoen, azkeneko saio luzerako, oreka izango zen itxaropena baitzegoen. Amaierako lan luzean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten txanda librean.

Hor, ordea, Larretxeak eta Atutxak lan bikaina egin zuten, eta 10 minutu eta segundo bat behar izan zuten. Mindegiak eta Rekondok ere ez zuten lan makala egin, eta saio guztian aurkarien gainean egon ziren, baina ezin izan zuten irabazi, eta bizkaitarrak eta nafarrak baino hiru segundo gehiago behar izan zituzten. 10.01 izan zen irabazleen denbora.

Lan guztiak eginda, Larretxeak eta Atutxak irabazi zuten, eta lan guztiak burutu ahal izateko, 21 minutu eta 16 segundo behar izan zituzten. Mindegiak eta Rekondok, aldiz, 21 minutu eta 50 segundo behar izan zituzten. Amaierako emaitzan, zutikako enborrean gertaturikoa erabakiorra izan zen.

Agirrek nahi bezala irabazi du Bizkaiko harri-jasotze txapelketa

Atzo Mallabian jokatu zen Bizkaiko harri-jasotze Txapelketa. Agirrek oso erraz irabazi zuen.

113ko zilindro kopa, pisu bereko kubikoa eta 100 kiloko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lanerako hiru minutu izan zituen.

Agirrek, 6.633 kilo berdindu zituen bizkarrean, eta Uriartek, berriz, 4.977 kilo jaso ahal izan zituen, eta bigarren amaitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo