Julen MURGOITIO
Sar eta ikus! Hastear da-eta!
Zirkua dugu egunotan hizpide, hiri handietan jai-egitarau ofizialen sasoia ez bada ere. «Zirku mediatikoa», naturan berez existitzen ez den koloreko legeen karpapeko zirkua; naturan berez existitzen ez den espeziearen legeenekoa. «Zirku mediatikoa». Horrela behintzat mintzatu dira lanbidez politikari diren batzuk Ajuria Eneko maizterra, maizter horren solaskideak eta solaskideon beste solaskideak jesarleku berean ipini nahi duen prozesuaren inguruan Ajuria Eneko maizterraren defentsak iragarritako estrategiaz. Tira! ez dakit estrategia esan behar den ala taktika, galdu egiten bainaiz indarrean den hiztegi politikoaren orrietan, eskolatua banaiz ere. Total, zirkua! umetan ohikoa ez den barre-algara sortzen duen zirkua. Batzuen eta besteen defentsek eskatutako lekukoen zerrenda luzeak ikusita ez dago munduan, zuzenbide-estatu diren munduan behinik behin, horrenbeste lekuko jaso ditzakeen epaitegirik, Mekan ez bada. Hortaz, pentsatzen hasita nago San Mames berria egiteko futbola bera aitzakia izan dutela eta benetako helburua makro-epaiketak egiteko areto handia egitea izan dutela, beti ere Bilbo Metropoliaren karpapean zerbitzuei eman nahi dieten garrantzia buruan. Sar eta ikus! Emankizuna hastear da, emankizuna antzua bada ere! Eros txartela kutxen kutxazain automatikoetan, kutxon irabazien gurpil hazkorra moteldu ez dadin!
Eta bitartean, zirku mediatiko honetatik urrun, Mediterraneoaren hango muturrean, merkatuaren zirkua da nagusi, ez hain mediatikoa hau berau. Gazako zerrendan saiatzen diren nekazariek, nekean saiatu ere, ezin euren loreak eta marrubiak handik kanpora merkaturatu, ondoko merkatu-egileek ezarritako blokeoa kausa. Hau kolpea! nondik ateratzen dituzte hauteskunde-kanpainetarako arrosak Europako alderdi sozialistek? Arrosa transgenikoak, seguruenik, alderdiak beste. Eskerrak merkatuaren garapena iraunkortze aldera agro-erregaien aldeko apustua egin berri dutela. Honek badu, gutxienez, alde positiborik: burtsan aritzen diren hainbat eta hainbat artaburu zehatuta Gazako nekazarien traktoreak mugitzeko erregaia atera daiteke, lurrak elikagaiak emateko utziz. Horixe baita lurraren bokazioa, elikagaiak ematea, nire familiako izeko batzuena moja izatea izan zen bezalaxe.